Itxas-Gaineko piraguista Xabier Osa Danimarkara joan da, asteazkenean eta ostegunean beteranoen Munduko Txapelketan parte hartzera, maratoiko distantzian. Bakarkako lana egingo du lehenik (K1), eta ostegunean bikotea osatuko du Valladolideko Luis Medranorekin. "Aurten k1eko proban inoiz baino parte-hartzaile gehiago izango dira (60 inguru), baina zaila da aldez aurretik aurkarien maila ezagutzea; ni neu ondo nago eta, eguna ez bada okertzen, pentsatzen dut aurrean ibiltzeko moduan izango naizela". Iaz brontzezko domina irabazi zuen K1ean, eta urrea K2an, orduan ere Medranorekin.Igeltseroa bera, laneko jantzi eta oinetakoekin harrapatu genuen itsas kiroldegian Danimarkara abiatu bezperatan, piraguari azken ukituak ematen. Halaxe bizi da Xabier, lanetik entrenamenduetara salto batean, ia beste ezertarako astirik gabe. "Txapelketari buruz ezin dizut gauza asko kontatu; nahikoa lan badut nik hemengo kontuak antolatzen –enpresako lanak– hangoak begiratzen hasteko", bota digu galdetzen hasi orduko. Informazioa biltzeko Luis Medrano, K2ko laguna du trebeagoa. Elkarrekin urrea irabazi zuten iaz Erromako Mundialetan, eta aurten ere ez dira oso aparte ibiliko. Entrenatu, gutxi entrenatu dute elkarrekin, baina horrek ez du Xabier kezkatzen. "Ez dugu biok batera entrenatzeko aukera asko izan, baina hasieratik oso ondo akoplatzen gara, erraz doa piragua".
Bakarkako proban lehia gogorragoa espero du Xabierrek. "Aurten inoiz baino piraguista gehiagok eman dute izena beteranoetan, 60 inguru izango gara gure kategorian –45-49 urte artekoak–. Zerekin egingo duzun topo ezin duzu seguru jakin, baina dagoeneko urte asko daramatzat mundialetan parte hartzen eta urtetik urtera ez da hainbeste aldatzen aurrean ibiltzen garenon taldetxoa. Alemaniarra, belgikarra, errusiarra (Europako txapeldun), australiarra... Horiek aurrean izango dira". Eta haiekin lehian Xabier bera. "Beti izan naiz lehenenego bost-hamarren artean. Iaz brontzea irabazi nuen eta aurretik zilarra ere bai, Frantzian. Urrea falta...". Sasoiari dagokionez, aurreko urtearen antzera dagoela uste du. "Baina gero eguna nolakoa ateratzen den ikusi behar. Gorputzaldia, pista bera nola dagoen, hotz egingo duela diote... Eta okerrik ez gertatzea".
Munduko Txapelketa
Distantzia: maratoia (21,5 km.)
Kategoria: beteranoak (45-49 urte)
Non: Bagsvaerd lakua (Copenhage, Danimarka)
K1: asteazkenean, 14:10ean.
K2: ostegunean, 11:25ean.
Web gunea: http://www.masterscanoemarathon.dk/