'Flysch, haitzen hitza' dokumentalaren DVD-a argitaratu du Geoparkeak

Baleike 2013ko irailaren 26a

2009an Alberto Gorritiberea zinegileak eta Asier Hilario geologoak Flysch, haitzen hitza dokumentala zuzendu zuten, Zumaia eta Deba arteko labarretatik abiatuta dibulgazio zientifikoari eskainitako lana. Dokumentalak ibilbide luzea eta oparoa egin du munduan zehar eta hainbat sari jaso ditu. Zabaltze lan horretan beste urrats bat egin berri dute, dagoeneko eskuragarri baitago DVD formatoan. Zumaian, turismo bulegoan eta Algorri Interpretazio Zentroan eros daiteke.Dokumentalak nazioarte mailan prestigio handia duten 25 zientzialariren hitzak jasotzen ditu. Aditu hauek Geoparkeko kostaldean dugun azaleramendu geologiko garrantzitsua dute hizpide, flysch-a. Dokumentala saritua izan da hainbat jaialditan, horien artean nabarmentzekoa da 2010ean IAMS-en eskutik, International Association of Media for Science, jasotako irudi zientifiko onenaren saria,

Flysch, haitzen hitza dokumentalak Zumaian hasten den bidaia erakusten digu, Islandiako glaziar eta paisaia bolkanikoak zeharkatzen ditu ondoren, Wyomingo (AEB) paisaia zakar eta harrigarriak erakutsi, Yellowstone, munduko parke nazional zaharrenean barneratuz, eta azkenik, Mexikoko Karibeko kostaldean egiten du bidaia, dinosauroen desagertzea eragin zuen meteoritoaren inpaktuaren arrastoen bila. Gure planeta ezagutzeko bidaia zirraragarri honetan zehar, dokumentalak erreflexiorako hausnarketa ere egiten du, aldaketa klimatikoaz edota krisi biologikoaz, Zumaiako itsaslabarren denbora geologikoak ematen duen ikuspuntutik begiratuta.

Dokumentalak 73 minutuko iraupena du eta euskara eta gaztelaniako bertsioak ditu, ingelesez azpititulatuta.

DVDa eskuratu nahi dutenek Zumaia, Deba eta Mutrikuko turismo bulegoetan nahiz Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan dute horretarako aukera.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide