Zumaiakok maila ona erakutsi du etxean jokatutako lehen partidan

Baleike 2013ko urriaren 1a

Preferente mailako Zumaiakoko mutilek 3-1 irabazi du Aita Marin jokatutako denboraldiko lehen partida, Elgoibarren aurka. Neskek ere partida bikaina osatu dute, Eibarren aurka 5-1 irabaziz.Lehen jardunaldian Arrasatetik puntu bat ekarri eta gero, larunbatean izan zuten etxeko estreineko partida preferenteko mutilek. Elgoibarrek ez du erraztasunik ematen, baina Zumaiako nagusi izan zen partida osoan, baloiaren kontrola edukitzearekin batera joko polita eta gol aukerak eginez. Zumaiakok hartu zuen aurrea, Jokinek egindako golarekin, baina Elgoibarrek berdinketa lortu zuen penaltiz. Hala ere, atsedenaldia hartu baino lehen 2-1ekoa egin zuen Leonek Iñigoren pase eder bat aprobetxatuz. Bigarren zatian Elgoibarrek ez zuen aparteko arriskurik sortu eta Leonek partida erabakita utzi zuen hirugarren golarekin. Maila ona erakutsi du Zumaiakok zaleen aurrean jokatutako lehen partidan. Jokalari hauek osatu zuten hamaikakoa: David; Gaizka, Osa, Uria, Iñigo; Buru, Eneko; Jokin, Arrona, Michael eta Imanol Leon.

Nesken taldeak ere partida ikusgarria jokatu zuen Eibarren aurka. 5-1 irabazi zuten, partida osoan nagusi izan zirelarik. Golegileak: Alazne, Izar, Maria eta Irene (2).

Beste partidak

Jubenilek puntu bat ekarri zuten Elgoibartik. Partida serioa jokatu zuten mutilek eta zituzten bajak kontutan hartuta –txartelekin zigortutakoak eta min hartutakoaki– emaitza ontzat jo dute.

Ohorezko kadeteek, berriz, sekulako partida jokatu eta 2-1 irabazi zioten Elgoibarri. Golak Peruk eta Aimarrek sartu zituzte eta esan beharra dago bi golak bikainak izan zirela. Azpimarratzeko da Elgoibarrek bi penalti izan zituela alde, baina bat kanpora bidali eta bestea Zumaiakoko Ian atezainak gelditu zuen.

Lehen mailako kadeteek garaipena lortu zuten Ikasberriren aurka. Aurreko jardunaldian azken minutuan galdu zuten eta aste honetan kontrakoa. Azken minutuan garaipenaren gola sartu zuten.

Kadete mailako neskek, aldiz, 5-1 galdu zuten Añorgaren aurka.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide