Alkateak ez ohiko plenoa deitu du bihar ostegunerako Herrira kolektiboko 18 kideren atxiloketa eztabaidatzeko. Batzarra 18:15ean hasiko da. Bestalde, Zumaiako Ezker Abertzaleak atxiloketen inguruko hausnarketa plazaratu du prentsa ohar bidez. Jarraian irakur dezakezue:Zumaiako Ezker Abertzalearen oharra Herrira mugimenduaren aurkako kolpearen aurrean
Aspaldikoak ziruditen irudiak ikusi ditugu, zoritxarrez, azken egunotan. Gure herrian mende luzez bizi izan dugun gatazka politikoa konpontzeko bidean euskal herritar gehienok norabidea hartuta daukanean, berriz ere Madriletik erasoa etorri da.
Gure herrian fase politiko berri bat irekitzeko asmoz, Ezker Abertzaleak iniziatiba politikoa berreskuratu eta urrats garrantzitsuak eman ditu azken urteotan. Hala ere, Madrilek eta Parisek blokeoaren estrategia jarri zuten martxan, jakin badakitelako gatazkaren ondorioak konponduz gero, herri honek independentziarako bidea egiteko indar handia duela.
Konponbidearen aldeko ahotsak ugaltzen ari diren honetan, Espainiak blokeo estrategiatik haratago joan eta inboluzioaren estrategiari ekin dio. Urte luzetan euskal Herritarrok jasan dugun sufrimendua ez da amaitu. Espainiak argi erakutsi nahi izan digu hori, eta martxan jarri ditu berriz ere gatazkaren urte gordinenetan hain ohikoak ziren jarrerak. Gainera, ilegalizazioen bideari berriz ekiteko lehen pausoa izan daitekeela ere esan dute espainiar agintariek, eta horrela gatazka eta sufrimendua luzatu baino ez da egingo. Horretarako, beste behin ere, zoru etikoaz ahoa bete eta borra kolpeak aginduz zoru etikoa odolez zikintzen duten zenbait agintariren pasibitatea eta isiltasuna izan dute lagun.
Oraingoan Herrira mugimendua izan da kolpea jaso duena. 18 izan dira atxilotuak, tartean Nagore Garcia, Zumaiako bizilaguna.
Azken eraso hau ez da Ezker Abertzalearen aurkakoa. Eraso hau Euskal Herri osoaren aurkakoa da, konponbidearen alde eguneroko lana egiten ari zen mugimendu baten aurkakoa den heinean. Izan ere, Espainiak eta intoxikatu baino egiten ez duten zenbait komunikabidek ongi baino hobeto dakite Herrira mugimendu herritarra dela, mota askotako herritar soilek osatua, eta ez dela Ezker Abertzalearen baitan antolatzen. Horrexegatik, hasiera-hasieratik polizia operazioa Ezker Abertzalearen aurkakoa dela zabaldu nahi izan dute, arazoa herri oso batekin dutela ez aitortzeko.
Zentzu horretan, Ezker Abertzaleak bereziki azpimarratu nahi du Herrira mugimenduak euskal preso politikoen oinarrizko eskubideen defentsan eta, beraz, gatazkaren konponbidearen alde egindako ekarpena. Herrietan eta herritarrengan sustraitutako mugimendu honek ezin ageriago utzi ditu Espainia zein Frantziako espetxe politikak, bai hemen, bai nazioartean.
Herri oso baten konponbide nahiari egin diote eraso, eta eraso horri herri gisa erantzun behar zaio, ezinbestean. Horrexegatik, Ezker Abertzaleak hainbat eragilek larunbat honetarako Bilbon deitu duten manifestaziora joateko dei egin nahi du. Alderdikeria ororen gainetik, herri gisa erantzuteko garaia da, etorkizunean horrelako kolpeak errepika ez daitezen.
Blokeo eta inboluzio politika errepresiboen gainetik, euskal herritarrok lortuko dugu herri honetan konponbidean oinarritutako bakea eraikitzea. Gero eta gehiago gara blokeo egoera hau gainditu eta estatuen zain egon gabe gure bide propioa egitea erabaki dugunak, argi baitaukagu gatazkaren konponbidea euskal herritar guztion determinazio eta borondatean dagoela, urrutira joan gabe.
Bukatzeko, gure besarkadarik beroena bidali nahi diegu atxilotuei eta euren senideei, eta bereziki Nagore herrikideari eta bere gertukoenei.