Dagoeneko 25 bat etxebizitza saldu ditu Sukiak Ardantzabiden eta enpresaren eta Udalaren iritziz horrekin nahikoa berme dago frontoi berria eta etxebizitzak eraikitzen hasteko. “Sukia prest dago kontratua sinatzeko, eta hortik aurrera eraikitzeko epeak hasiko dira kontatzen”. Pilotalekua 18 hilabetean, eta etxebizitzak bi urtean. Hala ere, oraindik bada gainditu beharreko zailtasunik: frontoiaren urbanizazioari aurre egiteko 1,5 milioi euro inguru behar ditu Udalak. Frontoiaz eta herriko beste zenbait gairi buruz mintzatu da gaur goizean Iñaki Agirrezabalaga alkatea kazetariekin egindako bileran.
“Frontoiaren inguruko urbanizazio lanak Udalaren kontura dira, eta horiei aurre egiteko finantziazioa lotzen ari gara”, azaldu du alkateak. Urbanizazio proiektuaren esleipena urtea bukatu baino lehen egin nahi du Udal Gobernuak, baina lanak egiteko aurreikusitako kopurua ez da nolanahikoa: 1,5 milioi euro. Hala ere, pilotalekua eraikitzen hasi daitezke urbanizazio lanak amaituta egon gabe: "Aldi berean egin daitezke". Frontoi ingurua urbanizatzeko behar den diruaz gain, pilotalekua bera hornitzeko beste inbertsio bat egin beharko du Udalak: “Sukiak eraikina egiteko konpromisoa du, baina gero gure ardura da barruko zerbitzu eta hornidurak jartzea”. Eta Ardantzabideko lurrei dagokienez, etxebizitzak eraikitzen hasteko prest utzi behar zaizkio Sukiari. "Zenbait aurre lan egin behar dira, horma bat, adibidez; lan horiek Salbidek egin behar ditu, hala hitzartu genuen eta. Beraz, dena bide onetik doa, frontoia eta etxebizitzak martxan jarriko dituen kontratua sinatzeko bermea bete da, baina beste lan batzuk ere egin behar dira eta egutegia ondo zehaztu, sinatu ondoren arazorik sor ez dadin".
“Kinkileroen azoka Beheko plazara eramatea ari gara aztertzen”
Beheko plazan txukuntze lanak Gabonen ondoren hasiko direla iragarri du alkateak. “Zorua aldatuko da eta aprobetxatuko dugu azpian dauden hodiak-eta berritzeko. Oraindik plazan dagoen kioskoaren zatia ere kendu egingo da, eta eserlekuak eta kaleko argiak berrituko ditugu. Horiek dira datorren urtearen hasieran plazarako aurreikusi ditugun lanak”.
Joan den astean herritarrekin eta plaza inguruko negozioetako arduradunekin egindako bi bileretan beste aukera batzuk ere jarri ziren mahai gainean. “Aztertzen ari gara ostegunetako kinkileroen azoka Beheko plazara eramatea; bileretan ideiak erantzun ona izan zuen, baina oraindik hitz egin behar dugu azokara etortzen diren saltzaileekin”. Gainera, azokaren maiztasuna areagotzea ari dira aztertzen. “Ostegunaz gain, larunbat goizean ere azoka egoteko aukeraz ari gara hitz egiten. Gainera, gure asmoa da bertako produktu saltzaileei leku berezia eskaintzea”.
Beheko plaza eta Zuloaga plaza lotzeko aukera ere ez du baztertzen Udalak. Hortik aurrera egin diren bestelako proposamenak –gune estalia, kiosko berria…– “aurrerago” gauzatuko lirateke, gaur egun ez baitago dirurik inbertsio handiak egiteko.
“Hondakinak biltzeko sistema berria zehazten ari gara”
Joan den astean bildu zen hondakinen mahaia, etenaldi luze baten ondoren. Uda aurretik akordioa lortu zen, txipdun edukiontzitan oinarritutako sistema ezartzeko, baina oraindik ez dago erabat zehaztuta sistemaren nolakotasuna. “Horrelakorik ez dago inon eta teknikoak lanean ari dira sistemaren ezaugarriak zehazteko. Behin zehazten dugunean berriro bilduko da hondakinen mahaia erabakiak hartzen hasteko”. Udal Gobernuaren nahia da sistema berria lehenbailehen ezartzea.
“Zumaia Lantzenen diru kontuak dira gure kezka larrienetakoa”
Zumaia Lantzenen diru kontuak oso egoera kezkagarrian daude, Udalaren ahalmena baldintzatzeraino. Alkateak berak aitortu du gaur egun daukaten kezka handienetakoa dela. “Zumaia Lantzenek 2,6 milioi euroko zorra dauka –ia milioi batekoa Udalarekin–, eta beste bi milioiko kreditu hipotekarioa —Odietako etxebizitzena–. Bestalde, Promociones Torreagak –Altuna y Uria eta Galdeano– hiru milioi euro zor dizkio Zumaia Lantzeni. Hori kobratuta akabo arazoak, baina hori lortu arte egoera kezkagarria da”.