Beste ezer baino lehen, argi eta garbi utzi nahi du kultura zinegotzi Eneko Agirrek Udalak zamalkada antolatu nahi duela eta ahalegina egiten ari dela hori lortzeko. “Amorrua ematen du kalean behin eta berriro entzutea Udalak ez duela zamalkada antolatu nahi. Hori gezurra da. Hala balitz, ez genituzke bilerak deituko, ez genuke ezer egingo. Garbi daukagu herrian jendetza mugitzen duen ekitaldia dela, jende askoren gustukoa dela”.
Agirrek aitortzen du lokalaren erabilerarekin arazoak egon direla, baina oinarrian beste arrazoi bat dagoela uste du: “Aspalditik datorren kontua da, ez da iazkoa. Kontuan hartu behar da lokala brigadaren lantokia dela. Bi aldeek izango dituzte kexatzeko arrazoiak, baina guri brigadak eskatu zigunean ez zutela lokala konpartitu nahi oztopoa zelako beraien lanerako, Udalak erabaki zuen Txepetxak ezin zuela han jarraitu eta alternatibak eskaini zitzaizkien. Hala ere, ikusirik Txepetxarentzat lokal hura ezinbestekoa zela, Udal Gobernua prest agertu da erabakia berraztertzeko, eta hala jakinarazi zaie duela bizpahiru aste. Lokalagatik behintzat ez dadila izan. Agian, lehenago egin behar genuen, baina beraiek ere onartu behar dute edozein aldaketa oztopo gaindiezin iruditu zaiela. Eta horren atzean nekea dago. Lokalak eragin handia izan duela Txepetxaren erabakian ezin da ukatu, baina batzutan kosta egiten da azpian egon daitekeen arrazoi nagusia onartzea: 33 urte eta gero nekatuta daudela. Lan handia suposatzen duen ekitaldia da, ordu asko kentzen dituena, eta lekukoa hartuko duen jendea aurkitzea zaila izaten da horrelako lanetan”.
Eredua birplanteatzeko aukera
Zamalkadak berak izan duen eboluzioa ere aintzat hartu behar da Agirreren iritziz. “Lehen zaldiekin egiten zen. Antolatzeko errazagoa eta merkeagoa zen. Gero, Txepetxak erabaki zuen karrozekin hastea, horrek suposatzen duenarekin: ikusgarriagoa da, baina ahalegin handiagoa eskatzen du, lan gehiago eta diru gehiago –10.600 euro iaz–. Gainera, urtero karroza berriak egiten ziren, aurreko urtekoak berrerabili gabe... Eta ahalegin horri denboran eustea nekezagoa da. Azpiegitura handiago behar da, hiru edo lau hilabete lehenago hasi behar da lanean, dena konplikatzen da”.
Bilakaera horren aurrean, larrialdi egoera honek eredu hori birplanteatzeko aukera eman dezakeela uste du Agirrek: “Dagoeneko ez dago astirik karrozak prestatzen hasteko, baina horrek ez du esan nahi zamalkada antolatu ezin denik. Zaldiekin egin daiteke, lehen bezala, eta horrek ez du hainbeste denbora eta ahalegin eskatzen. Lehenengo bileran hala planteatu genuen eta egokiena izan daiteke, herrian interesa badago, zenbait elkarteren artean ardurak banatzea eta koordinatzea. Udalak antolatu nahi du, baina bakarrik ezin du, jende asko behar delako. Laguntzeko eta babesteko prest gaude, baina jendeak erantzun beharko du”. Azaroaren 5erako deitu du Udalak beste bilera bat. Han erabakiko da aurrera egiteko indarrik badagoen. Agirrek berak azpimarratu du Txepetxako kideak prest daudela antolakuntzan laguntzeko: “Gertatu denarekin ikuspuntu ezberdina izan dezakegu, baina eskertzekoa da laguntzeko erakutsi duten jarrera. Prest daude ardura hartzen duenei laguntzeko, dakitena erakusteko”.