Blogak: Astebururako beste denborale bat dator

Baleike 2013ko azaroaren 7a

Ostegunean eguraldi zoragarria izan dugu, baina ostiralean bertan hasiko da okertzen. Astebururako denboralea dator berriro, Joseba Egaña meteorologoak blogean iragarri duenez: euria, haizea eta itsaso handia. Hemen iragarpen zehatza egunez egun:

Ostirala

Okerrera egingo du fronte bat iritsiko baita, bereziki arratsaldean. Goizean hodeiak ugarituz joango dira eta euri pixka bat egin dezake,baina arratsaldean euri gehiago espero da eta zaparradak ere botako ditu. Haizea hasieran hego-mendebaldetik ibiliko da baina pixkanaka mendebaldera egingo du eta zakartu egingo da. Tenperatura frontearen ondoren ederki jaitsiko da. Dena den, goizaldean epel esnatuko gara eta maximoa 20 ºC-ra hurbilduko da oraindik.

Larunbata

Larunbatean eguerdi partean giro lasaiagoa espero da, ateri eutsiko diola ematen du, baina arratsaldetik aurrera berriro hodeiak ugaritu eta euritara joko du. Haizea ere indarrez ibiliko da mendebaldetik, baina gauerako oraindik gehiago indartuko da eta bolada oso zakarrak espero dira, 100 km/h-tik gertu. Haize honek eragina izango du itsasoan eta 5 metroko olatuak altxa ditzake egunaren bukeran, dena den lehengo denboralearekin konparatuz oraingo honetan marea hilak izango dira. Tenperautra nabarmen behera joango da eta maximoa 15 ºC inguruan geratuko da.

Igandea

Giro iluna eta bustia espero da. Fronte ezberdinak izango ditugu gure gainean egun osoan zehar eta etengabe egin dezake euria, ez indarrez baina etengabe egingo duenez litro dexente pilatu daiteke. Haizea ere oraindik oso zakar ibiliko da goizaldean bereziki, baina pixkanaka baretuz joango da. Tenperatura maximoa 15 ºC inguruan. Beraz, barrurako eguna izango da, kanpoan giro makurra.

Beraz, asteburuan mendebal eta ipar-mendebaleko beste denborale bat izango dugu oraingo datuak kontuan hartuz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide