Zumaian 14 indarkeria kasu gertatu dira aurten

Baleike 2013ko azaroaren 21a

Zumaiako hamalau emakumek jasan dute aurten indarkeria fisikoa edota piskologikoa, gehienetan bikotekidearen partetik; eta zazpi dira, gaur egun, indarrean dauden urruntze aginduak. Gaur ipuin kontaketa eta konzentrazioa egingo dira (ikus egitaraua).

Zumaian gertatu diren kasuak aztertuta, biktimaren adina 25 eta 49 urte artekoa izan ohi da. Biktimen erdiak salaketa jarri du, beste erdiak ez. Berebizikoa da erasoak salatzea arazoari aurre egingo bazaio; biktimak informazioa izatea eta babestua sentitzea ezinbestekoa da urrats hori egingo badu. Bide horretan, Zumaiako Udalak kasu hauei aurre egiteko protokoloa zehaztu eta onartu zuen iaz.

Erasotzaileei dagokienez, 35-49 urte artekoak dira. Salatuetako bat laguntza psikologikoa jasotzen ari da.

Azaroaren 25a da, hain zuzen ere, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko eguna. Hona hemen Zumaian prestatu den egitaraua:

Azaroak 25

18:00etan, ipuin kontalaria haur liburutegian: Emakumeek kontatzen dute, Apika taldearen eskutik.

20:00etan, konzentrazioa magnoliopean, talde feministak deituta.

Azaroak 26

11:00etan, Zumaiako ikastetxeetako ikasleen giza katea emakumeenganako indarkeriaren aurka, itsas kiroldegitik udaletxeraino. Parte hartzaileak: Maria eta Jose ikastetxea, Oikiako Eskola eta Aita Mari Herri Eskola.

Tailerrak

Autodefentsarako tailerra egingo da abenduaren 14an eta urtarrilaren 18an, Emagin elkartearen eskutik (10:00etatik 14:00etara).

Gabonetako tailer berezia: Hezkidetza tailerra, berdintasuna eta autonomia helburu,  abenduaren 26an eta 27an eta urtarrilaren 3an. Jolasaren bidez, 6-8 urteko haurrak berdintasunean hezteko tailerra.

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide