Aurten ere Zumaiako Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak Bezeroaren hilabete izendatu du azaroa, «bezeroen fideltasuna saritzeko». Alde batetik, mila eurotik gorako balioa duten hiru opari-saski zozkatuko dituzte. Bestetik, azaroa bukatu arte, bezeroaren txartelarekin egiten diren erosketa guztiak %5eko ezusteko deskontuarekin sarituak gerta daitezke.
Opari-saskiak elkarteko dendari eta ostalariek oparitutako produktu edo zerbitzuekin bete dira. Zozketan parte hartzeko, zozketaren zerrendan azaltzen diren denda eta tabernetan zerbait erosi beharko da. Zozketaren emaitza abenduaren 21ean jakinaraziko da, eta antolatzaileak jarriko dira harremanetan saridunekin.