Nork kudeatzen du kirol portua?

Baleike 2013ko azaroaren 27a

Eusko Jaurlaritzak iragarri berri du Zumaiako kirol portua Euskadiko Kirol Portuen sarean integratu nahi duela. Neurriak izan ditzakeen ondorioez galdetu du PSEk Eusko Legebiltzarrean, batik bat, lanpostuen inguruko kezka azalduz. Gaiak soka pixkat ekarri du zenbait komunikabidetan, eta guk gure buruari galdetu diogu: nork kudeatzen du gaur egun kirol portua?

1.-Zumaiako Kirol Portua S.A. elkartea 1994ko azaroaren 3an sortu zen, Zumaian kirol portua sustatzeko helburuarekin. Zumaiako Udala eta Eusko Jaurlaritza dira bi bazkide sortzaileak. Hasieran, Udalak jabetzaren %51 zuen eta Jaurlaritzak %49, baina gaur egun alderantzizkoa da indar banaketa: Jaurlaritzarena da %51 eta Udalarena %49. 1997ko urriaren 1ean eskuratu zuen kirol portua eraiki eta 30 urtez ustiatzeko eskubidea. Behin 30 urte horiek betetzean (2027), lurrak, egindako lanak eta azpiegitura guztiak EAEko administrazioaren jabetza izango dira.

2.-Azpiegiturak zuzenean eraiki eta ustiatu beharrean, lehiaketa bidez Marina Urola S.A. enpresaren esku utzi zen.  Kontratua 1997ko azaroaren 12an sinatu zen —horrek esan nahi du Marina Urolak ustiatuko duela kirol portua 2027ra arte–, eta berehala hasi ziren eraikitze lanak. 1999ko irailean jarri zen martxan kirol portua, 11,5 milioi euroko inbertsioa egin ondoren.

3.-Zumaiako Kirol Portua sortu ondoren, Jaurlaritzak irizpidea aldatu eta erabaki zuen egokiago zela Gipuzkoa eta Bizkaiko kirol portuak erakunde publiko bakarrean biltzea. 2000 ekainaren 6an Euskadiko Kirol Portua S.A. sortu zuen. Orduz geroztik, EKPk kontrolatzen eta kudeatzen ditu kirol portu guztiak –esku pribatutan utzi beharrean erakunde publikoetatik kudeatzea hobetsi zen–. Guztiak, Getxokoa eta Zumaiakoa salbu.

4.-Zumaiako Kirol Portua S.A.-ren zeregina da, batik bat, Marina Urolak kontratua betetzen duela ziurtatzea. Kontrol lana, alegia. Baina ZKPk, gaur egun, ez dauka ez egituratik, ez langilerik lan horiek egin ahal izateko.

4.-Nork egiten ditu, orduan, ezinbestekoak diren kontrol lanak? Bada, EKPk. Berez, ez dagozkio berari, baina bietan –ZKPn eta EKPn– jabe nagusia Jaurlaritza denez, hala dauka aginduta.

5.-Beraz, zer ondorio lituzke kontrola ZKPtik EKPra pasatzeak? Praktikan, epe ertainera, ez du ondorio zuzenik ez ustiapenean –Marina Urolaren kontratua indarrean dago–, ez lanpostutan –ZKPk ez du langilerik–. Beste kontu bat da indarrean dagoen kontratua amaitzean zer gertatuko den; orduan EKPk hartuko luke kudeaketaren ardura. Baina hori oraindik urrun dago.

6.-Badago, ordea, Jaurlaritzaren eta Udalaren artean negoziatu beharreko kontu bat: gaur egun Udalarena den zatiaren (%49) ordaina. Alegia, zer jasoko duen Udalak kirol portuaren %49aren truke. Adostasun batera iristen badira, Udalak begi onez ikusiko luke kirol portua EKPren esku gelditzea.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide