Berri txarra heltzearekin bat, zure begi distiratsuekin gogoratu gara, Manu. Ondo gogoan daukagu hautsez betetako Erkibe zaharraren atea bota eta egun gutxira bertara egin zenuen bisita. Ilusio handia nabari zitzaizun begietan, gaztez inguratuta han ibili zinen nongo konponketak egingo, non zure ekarpen edo opariren bat ipiniko…Eta gu, noski, harro baino harroago. Harro zu bezalako norbaiti ilusioa sortzeaz.
Gaztetatik sortzailea izan zinen. Langileen duintasuna oinarri zuen kooperatibismoan lehenengo, bertso eskolan urte askoan zehar eta bizitza osoa euskararen alde lanean. Azken urteotan, gainera, afizio moduan sorkuntza eskultura eta tailuen bidetik atera ohi zenuen. Beti zenuen buruan nori egingo hurrengo oparia, norentzako egingo hurrengo tailua.
Herri osoak du zuri eskertzeko asko, Manu, baina guk batik bat gaztetxean eta gazte mugimenduan jartzen zenuen ilusioa eskertu nahi genizuke. Beti zer moduz genbiltzan galdezka, bertso emanaldiren bat gaztetxean bazen hantxe fin-fin, hurrengorako zer antolatu genuen galdetuz…
Baleiken orain hilabete batzuk egindako elkarrizketan ere, honela mintzo zinen: ”Gaztea gaur egun persegitua zegok, eta orduan ere bai. Gaztea aurrera etortzen duk, eta hala behar dik.” Horretan saiatuko gara aurrerantzean ere, Manu, gazteria piztu eta herrian sorkuntza eta irudimena bultzatzen. Gaztetxeari bizia ematen, gure ametsen alde lanean. Eta beti euskaraz. Zu bezalako eredu handiei esker iragana ardatz hartu baitezakegu, geroa lanabes izateko.
Agur eta ohore Manu, Torreberri Gaztetxeak beti harro eramango du zuk jarritako izena.