Iñaki Basterretxeak, Angel Gallok eta Leire Aranok irabazi dute Julene Azpeitia lehiaketa

Baleike 2013ko azaroaren 29a

Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 26. aldira, 50 hain zuzen ere. Epaimahaiak erabaki du Iñaki Basterretxearen Seca e salgada dela aurtengo lanik onena. Zumaiarren lanen artean, Leire Aranoren More edo... aukeratu dute. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 3an izango da, euskararen egunean bertan, 19:00etan, Alondegian. Bertan Yolanda Arrietak eta Xabier Zeberik OFF-ON emankizuna eskainiko dute sariak banatu ondoren.

Urriaren amaieran bildu zen epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren, Ana Urkiza, Yolanda Arrieta eta Josu Waliño, Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen botorik gabe. Epaimahaiko kideen esanetan aurten aurkeztutako lanen artean oso lan onak daude. Aurten inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira, 50 ipuin hain zuzen ere, eta horietatik lau zumaiarrenak. Poztekoa da lau herritar animatu izana ipuinak aurkeztera, bai eta Zumaiako onenaren saria irabazi duena emakumezkoa izatea ere, sekula sari hau irabazi ez duena gainera.

Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak ondorengo hauek direla erabaki dute epaimahaia osatu duten idazleek:

1. saria. Iñaki Basterretxea Gazteluarentzat izan da Seca e salgada ipuinari esker eskuratu du. Ipuinik onena izan da prosa azkarra eta bizia duelako, gatza erakusten du. Pertsonaiak oso ondo antolatuta daude eta esaten dutenaren eta pentsatzen dutenaren arteko jokoa oso ona da. Informazio asko ematen dun alferreko hitzik erabili gabe, oso ondo kontatuta dago eta umorea oso ondo erabilita dago.

2. saria. Angel Gallo Fernandezek irabazi du Galduta ipuinarekin. Bi ume protagonista dituen ipuin honek nagusien mundua ulertzeko ikuspegi berezia eskaintzen du eta normaltasuna zer den eta zer ez den hausnartu arazten dio irakurleari. Amaiera bitxia izatea ere baloratu dute ez baitu irakurlea berdin uzten.

Zumaiako onenaren saria, Leire Arano Amasek eskuratu du More edo... lanari esker. Ipuina modu pertsonalean kontatzeko ariketa egin du kasu honetan idazleak eta ariketa horren ausardia onetsi du epaimahaiak. Teknikoki oso ondo jositako ipuina dela iritzi diote eta bide onean doan idazlearen lana dela erabaki du.

 

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide