"2014ko irailaren 18an Eskoziak bere etorkizuna erabakitzeko aukera izango du. Kataluniak oraindik ez du datarik jarri, baina han ere oso gertu daukate erabakitzeko eskubidea gauzatzeko unea. Eta Euskal Herrian zer? Euskaldunok ez al dugu gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea? Besteei begira gelditu behar al dugu, ezer egin gabe?". Gure Esku Dago mugimendua herriz herri ari da zabaltzen eta Zumaian ere ahalegina egin nahi da. Deialdia ere luzatu dute: bihar, asteazkena, Brankan egingo da bilera, 19:00etan.
Erabakitze eskubidea alderdien eztabaida politikoaren jokotik atera eta ekimena herritarren esku jarri nahi du Gure Esku Dago mugimenduak. Alderdikeriak eta kolore politikoak alde batera utzi eta erabakitze eskubidea oinarrizkoa dela sinesten duten herritar guztien bilgune izan nahi du, izan abertzale edo ez, Eskozian eta Katalunian lortu den bezala.
Idiazabaldik Euskal Herrira
Jon Maiak ondo ezagutzen ditu mugimenduaren sorrera eta ibilbidea, gertutik bizitzeko aukera izan baitzuen Gazta zati bat dokumentalaren harira. "Idiazabalen hasi zen dena. Hasieran, herri mailako kontu bat izan zen. Herri kirolen bueltan, pentsaera ezberdineko jendea bildu zuten, euskal kirolen selekzioaren alde egiteko. Lehen igurtzi haietatik bidea zabaldu egin zen, erabakitze eskubidearen inguruko lanketari ekin zioten. Hala sortu zen, besteak beste, Gazta zati bat dokumentala. Lortu zuten elkartzea herriko EAJ, EA, Aralar eta Ezker Abertzaleko ordezkaritza oso esanguratsua. Hasieran, ezkutuan biltzen ziren, Beasainen. Ondoren, aurkezpen publikoa egin zuten, herriaren aurrean hitz egin zuten EAJko eta Ezker Abertzaleko ordezkari banak, elkarrekin. Eskema guztiak apurtu zituzten".
Ondoren, Eskoziararekin eta Kataluniarekin harremanak landu eta estutu zituzten, eta gaiak eta dinamikak Idiazabalen mugak gainditu zituen. "Harremanak landu zituzten goi mailako politikariekin, guztiei ideia garbi bat helaraziz: erabakitze eskubidea oso oinarrizko eskubidea da. Nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu, herritarron ordua iritsi da". Politikariekin egindako lanketak Donostiako Miramarren egindako bilkura eta sinadura ekarri zuen, Iparraldeko eta Hegoaldeko buruzagiekin. Zumaiatik Maria Eugenia Arrizabalagak hartu zuen parte. Gero ETAren lehen su-etena etorri zen, eta erabakitze eskubidearen inguruko dinamika Euskal Herri osoa zabaltzeko aukera ikusi zuten.
Horrela sortu da Gure Esku Dago, Idiazabalgo Nazioen Mundutik ekimenetik. "Herritarren mugimendua da. Ez da erraza jende ezberdina elkartzea, baina tristea da elkarrekin ezer egiteko gai ez izatea, helburu berbera edukita. Oso gizarte gaixotua eta zauritua da gurea, aurreiritziekin funtzionatzen dugu, automatikoki. Baina hori aldatu egin behar da".
Katalunia eredugarri
Katalunian herritarrek egindako bidea goraipatzen du Maiak: "Herritarren ordua da, alderdietatik aske. Ikusi Katalunian zer gertatu den. Isilean, azpiko lana eginez, lortu dute alderdiak eta gobernua presionatzea herriaren eskubidearen alde egiteko. Eta ez dira batu soilik abertzaleak, progresistak ere bai". Hori bai, mugimenduak zentzua eta indarra izango badu, indarrak batzea ezinbestekotzat jotzen dute. "Ez badugu lortzen ideia politiko ezberdineko jendea biltzea, antzua izango da. Eta herritarrak behar dira, ez alderdien ordezkariak. Azken finean, gehiengo soziala lortu behar da erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Denok bat egin ezean ez dugu gauzatuta ikusiko; bakoitzak bere aldetik ez du lortuko. Eta ez da amets bat. Europako mapa aldatzera doa, orain dago olatu handi bat eta tontoak ginateke aukera galduko bagenu".