Langile bat larri zauritu da barran garabiarekin lanean ari zela izandako istripuan

Baleike 2014ko urtarrilaren 31

Garabiarekin lanean ari zela, gainera erori zaio hondeamakina bat. Kolpe handia hartu du eta, lehen diagnosiaren arabera, bizkarrezurrean du lesioa.

Astebururako berriro denboralea emanda dagoela eta, barraren aurrealdean itsasoak eragindako txikizioaren ondorioz pilatutako harriak kentzean aritu dira gaur arratsaldean. Garabiarekin batera, hondeamakina txiki bat eta kamioiak, harriak garraiatzeko. Lanak amaitzen ari zirela, 17:40ak aldera gertatu da istripua. Hondeamakina barraren goialdean zegoen, eta garabia beheko solairuan. Kable bidez hondeamakina lotu eta jaisten hasi direnean, askatu eta garabiaren gainera erori da. Barraren eta garabiaren artean kateaturik gelditu da, argazkiak ikus daitekeen bezala.

Hondeamakinan ez zegoen inor, baina garabiarekin zebilen langilea kabinan harrapatuta gelditu da. Anbulantziak gerturatu dira aurrena, baina zauritua ez dute atera su-hiltzaileak iritsi diren arte. Ia bi ordu egin ditu garabian harrapatuta. Lehen diagnosiaren arabera, bizkarrezurreko lesioa du.

Garabia eta hondeamakina bertan

Istripuaren ondorioz, garabia eta hondeamakina bertan utzi behar izan dituzte. Goizean goiz dira bertara joatekoak, arratsalderako makinak handik kentzea komeni baita, itsaso handia dator eta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide