Joseba Egaña: "Olatu handiak eta marea biziak batu direlako izan dugu hain itsaso handia"

Baleike 2014ko otsailaren 3a

Eguraldiarekin lotutako larrialdi egoerak igertzen lehenak dira. Euskalmeteko bulegoetan segituan ohartu ziren igande goizaldean ezohiko indarrarekin joko zuela itsasoak. Han egiten du lan Joseba Egaña metereologo zumaiarrak. Negu honetan pairatzen ari garen denboraleen inguruko azalpenak eman dizkigu, eta iragarpena ere egin digu: gutxienez otsailaren 15a arte berdin jarraituko dugu.

Martin Garitano ahaldun nagusia izan da Zumaian, kalteak ikusten

Olatuak eta marea biziak

"Gu segituan ohartu ginen alerta gorria ezartzeko moduko parametroen aurrean geundela. Alerta gorria oso noizbehinka deitzen da, bost urtetik behin edo; Kalte materialak asko izan dira baina zorionez oraingoan itsasoak ez du inor eraman, besteak beste, neurri zorrotzak hartu direlako". Igande goizaldeko itsasoaren ezohiko indarra azaltzeko faktore bat baino gehiago hartu behar da kontuan, Egañak azaldu duenez: "Olatuak handiak izan dira, baina izan ditugu handiagoak, egia da; olatuen tamaina adierazgarria sei-zazpi metrokoa izan da —tamaina adierazgarria: denbora tarte batean olatuak neurtu, handienen herena aukeratu eta batazbestekoa egin–, eta olaturen bat izan da bederatzi metro ingurukoa. Oso handiak, baina lehen ere izan ditugu. Oraingoan gertatu dena da aldi berean urteko marea bizienetakoak egokitu direla. Bilboko portuan, goizeko 6:00etan, 4,94 metroko itsasgora neurtu zen. Urte osoan agian irailean izango dugu marea biziagoren bat. Bi faktoreak batu direlako izan dugu hain itsaso handia".

Beste bi faktore

Halakorik gertatzea zaila da,  urtean bost edo sei egunetan izaten baitira marea oso biziak. Baina, faktore nagusienak bi hauek izan badira ere, aintzat hartu behar dira beste bi. "Olatu hauek ipar atlantikotik datoz; igandekoak, Irlandatik ipar mendebaldera sortutako depresio oso sakon batek eraginda —940 milibare zituen–. Depresio horrek haize oso bortitza sortzen du, haizeak olatu handiak, gugandik 2.000 edo 3.000 kilometrora. Olatu horiek gure kostaldera zuzen-zuzen etorri dira, perpendikularrean, ipar-mendebaldeko norabidearekin. Horrek indarra areagotzen du. Eta beste faktore bat olatuen arteko tartea da. Zenbat eta tarte handiagoa, ur gehiago dakar berarekin eta indar handiagoa. Oraingoan tartea 18 segundokoa izan da, oso altua".

Okerrago izan zitekeen

Baina, hala ere, okerrago izan zitekeela dio Egañak. Bosgarren faktore bat gehituta: "Oso zaila da faktore hauek denak aldi berean gertatzea, baina gerta daiteke. Aurreko laurei gehituz gero ekaitz giroa, depresio sakona gure gainean, orduan are okerrago litzateke, marea are biziagoa izango litzateke. Igande goizaldean 1013 milibaretako presioa zegoen gure atmosferan. Demagun 980 milibaretako presioa daukagula, 33 milibare sakonago. Horrek, automatikoki, 33 zentimetro igoaraziko luke itsasgoraren maila: 5,27 metro –jaisten den milibare bakoitzeko itsas maila zentimetro bat igotzen da–. Askoz arriskutsuago bihurtuko lituzke olatuak".

Asteazkenean berriro

Baina oso zaila da faktore guztiak aldi berean gertatzea. Adibidez, asteazkenerako berriro daude iragarrita 6-7 metroko olatuak, eta alerta laranja deituko dute. "Itsasgora igandekoa baino metro erdi baxuagoa izango da. Gainera, olatuak oraingoan mendebalderagotik datoz, depresio sakona oraingoan Irlanda hego-mendebaldean sortu delako. Ez datoz, beraz, zuzen-zuzen gure kontra. Baina eguraldi gaiztoa izango dugu. Aurrena, asteartean, haize oso bortitza. Zumaian 120 k/h boladak izan daitezke. Gabonetan, Herri Eskolako horma eta ontziolako teilatu zatia eraman zituen eguneko pareko indarrarekin ibiliko da. Eta haizearen ondoren, asteazkenean, olatuak. Ostegunean berriro haizea, eta asteburuan olatuak. Eguraldi hau izango dugu otsailaren 15era arte gutxienez".

Alde horretatik, negua nahikoa berezi doa. Abendua, urtarrila eta otsaila dira denborale handienen hilabeteak, baina ez da ohikoa hain jarraian etortzea. "Normalean, denboraleen artean eguraldia aldatu egiten da, baretu, gero beste bat etortzen da... Aurten denak jarraian datoz. Hilabetean bosgarrena izango dugu asteazkenean.  Ipar atlantikoan depresio oso sakonak ari dira sortzen, bata bestearen atzetik. Ikusiko dugu otsailaren bigarren erdian zer gertatzen den".

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide