Igandean, otsailak 9, 13:00etan dute hitzordua Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen alde dauden herritar guztiak. Zumaiako Gure Esku Dago taldeak egin du deia, Gernikako parkean, Moilaberriko zubiaren ondoan, argazkia ateratzeko. Hemen irakur dezakezue taldeak bidalitako oharra:
Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian. Garai berri hauez baliatuz, elkarlanaren ildotik urrats berri eta sakonak egiteko unea dela deritzogu. Ezinbestekoa da elkarrekin aurrera egitea ziklo berri eta ilusionagarria irekitzeko, eta bide honetan herritarrak protagonista nagusi bilakatu beharko dugu.
Jarrera positibo honetatik eta norbanakoak zein kolektiboak diren eskubide zibil eta politikoekiko begirunetik abiatuz, demokratikoa eta unibertsala den eskubide batekiko atxikimenduak biltzen gaitu: Erabakitzeko eskubidearekiko atxikimendua, alegia.
Norberak etorkizunari begira proposa ditzakeen proiektuetatik haratago, uste dugu posiblea, beharrezkoa, egokia eta zilegi dela guztion arteko elkargunerako aukera eskaintzen duen eskubideaz ari baikara. Guzti honengatik, honako hau aldarrikatzen dugu:
-Nazio bat garela
-Herri gisa geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula
-Erabakia hartzea herritarroi dagokigula
Aldarrikapen hau gizarteratzeko ekimen nagusi bat proposatzen da 2014ko ekainaren 8rako: Durango eta Iruñea elkartuko dituen giza kate erraldoia (123 kilometro 50.000 lagunek eskuz esku lotuko dituztenak).
Bitartean, ZUMAIAN ere hainbat ekimen egin nahi ditugu, eta lehen pausoa aldarrikapen eta elkarlanerako borondate honekin bat egiten dugunon bateratze bat izango da:
OTSAILAREN 9AN, IGANDEZ, EGUERDIKO 13:00ETAN ARGAZKI ERRALDOI BAT aterako dugu Gernikako parkean (zubi ondoan).
Guztiok dugu argazki horretan leku bat. Zatoz aldarrikapenari zure bultzada ematera.
Herritarron garaia da! Gure esku dago!