'Asier eta biok' emango dute asteburuan Aita Marin

Baleike 2014ko otsailaren 7a

Aitor Merino eta Asier Aranguren txikitako lagunak dira. Aitor Madrilera doa, aktore izan nahi duelako. Aiserrek, berriz, zortzi urte egingo ditu kartzelan ETAko kide izatea leporatuta. Nola azaldu Madrilgo lagunei ETAko kide den lagun bat daukazula. Esperientzia pertsonaletik euskal gatazkara egindako hurbilketa saioa da Aitor Merinoren dokumentala. Asteburuan emango dute Aita Marin, ohiko ordutegian –ostiralean ez da saiorik izango–. Aitor Merino egileak horrela azaldu du pelikularen mamia:

 

“Asier eta biok Iruñean ikaskide izan ginen 80ko hamarkadan. Ondoren, bide ezberdinetatik jo genuen. Nik, aktore izateko goseak bultzatuta, Madrilera jo nuen; hiriak harrera ona egin zidan eta bazter guztietan egin nituen lagunak, aktoreak gehienak. Bien bitartean, Asier Iruñean bertan bizi zen eta konpromiso politiko handiko ekimen desberdinetan murgildu zen. Urrun bizi arren, Asierrek eta biok adiskidetasuna mantendu genuen. Urteak pasa ziren eta nire ametsa egi bihurtu zen: aktore egin nintzen. 2002ko martxoan, Asier ezkutatu egin zen; polizia zeukan atzetik ETAkide zelakoan. Asierrek zortzi urte eman zituen espetxean. Urte guztiotan askotan hitz egiten nien nire Madrilgo lagunei Asierren inguruan eta gure adiskidetasunaz. Baina askotan, nik ere erantzuteko zailtasunak nituen galderak botatzen zizkidaten. Nola azaldu nire lagunei ETAko kide batekin nuen adiskidetasuna? Nola ulertarazi zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera, niri ere ulertzea kostatzen zitzaidanean? Askatu zuten egunean, 2010eko uztailean, kamera hartu eta galdera horri erantzuteko gai izango zen pelikula egitea deliberatu nuen. Hori zen nire asmoa eta, aldi berean, zergatik ez, Madrilgo lagunen eta Asierren arteko ulertze-bideak sortzea. Nolanahi ere, nire egitasmoa ez zen uste bezain erraza gertatu…”.

Aitor Merino.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide