Zortzi metroko olatuak espero dira astebururako

Baleike 2014ko otsailaren 7a

[/caption]

Itsasoak oraingoz ez du bakerik emateko intentziorik. Denboraleak bata bestearen atzetik datoz, eta astebururako gainean izango dugu neguko seigarrena. Larunbat gauean espero dira olatu handienak, zortzi metro ingurukoak. Dena den, marea hilak direnez, ez dira aurreko asteburuko kalteak aurreikusten. Eguraldiari dagokionez, haizea zakar ibiliko da. Joseba Egañaren iragarpen zehatza irakur dezakezue jarraian:

Egia esan negu osoan nagusi izaten ari den egoerarekin jarraitzen dugu. Hau da, borraska oso sakonak ari dira sortzen Atlantikoan eta hauek haize eta olatu denboraleak ekartzen dituzte behin eta berriro. Urrutira joan gabe asteburu honetarako olatu handiak espero dira berriro kostalde osoan. Dena den, marea hilak izango direnez ez da espero lehengo asteburuan gertatu ziren kalteak gertatzea. Olatu handienak larunbat eta igande bitartean iritsiko dira hondoko itsaso bezala 7-8 metrokoak, baina esandakoa marea hilak direnez ez ditugu lehengo asteburuko arazoak izango. Bestalde Atlantikoko borraska horrek olatu handiak ekarri baino lehen, haize zakarra ekarriko du ostiral eta larunbat bitartean, hego haize zakarra izango da.

Eguraldiari dagokionez, larunbat goizaldean hego haize zakarra ibiliko da, baina mendebal eta ipar-mendebaldera egingo du goizean eta euria egino du. Ez gehiegi baina eguerdi parte horretan ematen du zerbait egingo duela. Gero gauerako berriro ere hego haizea nagusituko denez euri kontuak bukatu egingo dira. Tenperatura maximoa 13 ºC inguruan.

Igandean hego haize zakarra ibiliko da eta zeruan ostartea eta hodeiak tartekatuko dira. Ostarte gehiago goizean eta hodei gehiago zrratsaldean. Tenperatura aldaketa handirik gabe 14 ºC inguruan.

Hurrengo astea ere ildo beretik joango dela ematen du.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide