Surferako igande paregabea izan zen atzokoa. Goizetik hasi eta ilunabarrera arte, olatu garbiak eta tenteak bata bestean atzetik, tarteka hego haizeak nahi baino zakarrago jo zuen arren. Izustarri parean harrotzen den olatuan saio zoragarriak egin zituzten surflariek, uretako motoaren laguntzarekin zein norbera kasara. Haien artean ziren Imanol Yeregi zumaiarra eta Axi Muniain zarauztarra. Muniainek motoa gidatzen egin zuen ia egun osoa, baina ezin tentazioari muzin egin. Ilunabar aldera, mototik jaitsi, taula hartu eta olatu ederrak hartu zituen, saihets-hezur bat hautsita duen arren. Surflariek eta lehorretik begira zeudenek ez dute berehala ahaztuko atzoko eguna.