Aurten, hirugarren urtez, Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa antolatu dute Zumaiako Euskara Zerbitzutik. Aurreko urteetako arrakastak animatuta, bide beretik jarraitzea pentsatu dute, denok ere euskararen egoeraren inguruan hausnartzen jarrai dezagun: esparru batean eta bestean, herri mailan eta hiztun komunitatean... Hitzaldi guztiak Zumaiako Alondegia kultur etxean izango dira, 18:30ean hasita. Lehen hitzaldia otsailaren 19an izango da, eta bertan Amets Arzallus eta Joanito Dorronsoro Puntuka arituko dira bertsolaritzaz, kulturaz, euskaraz...
Bigarrena, otsailaren 26an izango da, Paula Kasaresen eskutik. Familia euskarari iraunarazteko estrategietan izenburuak garbi adierazten du esparru jakin hori jorratuko duela bereziki.
Hirugarren saioan, martxoaren 5an, Xabier Azkue izango da hizlari, eta Euskal Kultura Zumaian izenburupeko hitzaldia emango du. Nola dago gaur egun? Zer egiten dute herriko kultur elkarteek eta zer egin dezakete euskara indarberritzeko?
Eta amaitzeko, martxoaren 12an Iñaki Martinez de Luna eta Belen Uranga etorriko dira, Diskurtso berri baten beharra hitzaldia eskaintzera. Euskararen inguruan nolako diskurtsoa eraiki beharko litzatekeen aztertuko dute: hizkuntza ekologiaren balioa, gaur egungo planteamenduetatik zer den baliagarria...