Aurten ere Zumaian egingo ditu lehen pedal kolpeak Hegoaldeko tropelak, larunbatean jokatuko den VI. Zumaia Sarian. Lasterketa goizeko 10:00etan hasiko da, eta 200 bat parte-hartzaile espero dira, 19 eta 26 urte artekoak. Tartean izango da Aitor Olaziregi zumaiarra, afizionatu mailako estreinako lasterketan.
Aitor izango da, gainera, tropeleko gazteena, 19 urte abenduaren 31an beteko baititu. Hyundai-Caja Rural-Niessen taldean korrituko du aurten eta bere afizionatu mailako estreinaldia etxean egiteko aukera egokitu zaio. Jubenil mailako azkena ezin izan zuen korritu, bezperan erorikoa izan eta zauriekin atseden hartu beharrean izan baitzen eta orain pistako denboraldia osatu eta maila berrian lehen pedalkadak emateko prest da. Olaziregiren helburuak apalak dira, lasterketa amaitzearekin konforme; gainera taldekide den Bastien Badyri lagundu beharko dio honek duen abiadurarekin azken esprinterako aukerak aprobetxa ditzan.
Azkar joateko ibilbidea
123 km ditu Zumaiako lasterketak, aurrena ingurubidetik 3 itzuli emango dira eta ondoren 6 Zakila Bira; hau da, Zumaia-Bedua-Oikia-Muniosoro-Aizarnazabal-Iraeta-Arroa-Zumaia zirkuitoa. Ikusteko lasterketa ederra da, helmugatik askotan pasatuko baitira txirrindulariak. Ihesaldi ahaleginak izango dira, baina aurreko bost edizioetan esprintean bukatu den karrera da hau; hori bai aurten irabazle berria izango da, Iban Leanizbarrutiak bizikleta utzi baitu, Unai Elorriaga Calin da Munduko pistako txapelketetan eta Unai Iparragirre profesionala da zorionez. Beraz, irabazlea estreinatuko du lasterketak.
Lasterketa Elite eta 23 urtez azpiko txirrindularientzat denez, eta denboraldiko aurrenengoa izanik, urduritasuna nabarituko da parte hartzaile guztien artean. Herriko seme bat izango da parte hartzen, baina inguruko herrietakoak ere bai. Kontutan izanda afizionatuen lasterketa gutxi izaten dela gure inguruan, haientzat ere ia-ia etxeko lasterketatzat hartu behar Zumaiakoa. Adibidez, iaz Ampo taldeko Aritz Elustondo zestoarrak 16. egin zuen, eta nahiko du hori hobetu; Eki Gipuzkoako Jon Eizagirre zarauztarra 27 izan zen... Zenbait txirrindulari Lessor Basquen parte hartuta helduko da Zumaiara eta hauen artean Paul Usabel, Bastien Bady, Ion Iriarte, Mikel Elortza eta Jon Irisarri nabarmendu behar dira, pedal kolpe bereziarekin helduko baitira han oso azkar ibiltzen baita.
Ikuskizuna aparta izango 10etatik ordubata laurden gutxi bitartean, ziklismo zaleen gozamenerako.
Zumaiako Txirrindulari Elkarteak laguntzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkie haiek gabe ezingo bailitzateke lasterketa jokatu, eta animoak ere luzatu nahi dizkio alebin mailatik bertako txirrindulari izan eta aurten afizionatuetan Hyundai-Caja Rural-Niessen taldean izango den Aitor Olaziregiri.