Denboralea: goizaldeko itsasgora da orain kezka

Baleike 2014ko martxoaren 3a

Alarma gorrian dago kostalde osoa gaur arratsaldetik bihar goizera arte, itsaso handiagatik. Arratsaldeko itsasgorarekin espero zen lehen une kritikoa, baina ez da kalte handirik egon. Barran zenbait harri bloke bota ditu, eta ikusi beharko da Itzurunen lehendik kaltetuta zegoen petrilak nola eutsi dion itsasoaren indarrari. Errioak gainezka egin du zenbait unetan parolbidean eta arranplan, baina ez du aparteko arazorik sortu. Eguraldi benetan makurra izan da arratsaldean, haize bolada bortitzak eta euria ia etenik gabe, baina jendea olatuak ikustera gerturatu da Santiagoko hondartzara eta Parolpera. Hemen ikus dezakezue arratsaldeko argazki sorta.

BIDEOA: itsasoaren indarra Itzurunen

Gauerdirako espero dira olatu handienak, itsasbeherarekin batera, eta horri esker zorionez kalteak ez dira hain larriak izango. Hori bai, goizaldeko 6:30eko itsasgorarekin berriro erne egon beharko da, marea oso altua baita (4:83 metro) eta artean zazpi metro inguruko olatuak izango direlako. Behin bihar goizeko denboralea pasata, iragarpenak dio itsasoa baretu egingo dela ostegunetik aurrera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide