Txorientzako habiak egin dituzte Algorrin

Baleike 2014ko martxoaren 5a

Txorientzako habiak egiteko tailerra egin zuten larunbatean Algorri Interpretazio Zentroan. Apirilaren 5ean jarriko dituzte zuhaitzetan.

Tailerrean habi kutxak egiteaz gain, habien eta hegaztien inguruko hainbat kontu ikasi zuten: habi kutxak zer diren, habi kutxa motak, zertarako erabiltzen diren, hegaztiek egun dituzten arazo nagusiak, zumaiako hegaztiak, hegaztien kantuak eta sagu zaharren ultrasoinuak...

Aurrez zulatutako pinuzko sei egur xafla muntatuz eraiki zituzten kutxak. Habien aurrealdeko itxitura zabaldu egiten da. Modu honetan, urtebete pasata, kutxa hartu eta garbitu egin daiteke berriz erabiltzeko. Material hau guztia buruko gaixotasuna duten pertsonekin lan egiten duen PROSAME (Burgos) elkarteko kideek egin dute.

Hasiera batean habi kutxak Zumaiako Zuhaitz Egunean jarriko zirela aipatu zen, martxoaren 15ean. Baina egun horretan denboraz larri ibiliko direnez habi kutxak apirilaren 5ean jarriko direla aurreikusi da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide