Iñigo Peñaren zilarrak borobildu du Itxas-Gainen lan bikaina Espainiako Txapelketan

Baleike 2014ko martxoaren 17a

Larunbatean eta igandean jokatu da Espainiako Neguko Txapelketa Sevillako uretan eta emaitza onak lortu dituzte Itxas-Gaineko piraguistek. Talde txikia joan arren, txapelketa ona egin dute eta nahiz eta piraguista gazte batzuk finaletik kanpo geratu orokorrean maila oso ona erakutsi dute.

Iñigo Peña, itxaropentsu denboraldi berriari begira

Larunbat goizean sailkapen estropadekin eman zitzaion hasiera urteko txapelketa nagusiari Guadalquivir ibaiko uretan. 2.000mko proba egin behar izaten dute partaideek, bost piraguistek osatutako txandetan eta erlojuaren aurka bakoitza bere kaletik. Aurreneko 70ak larunbat arratsaldean eta igande goizean jokatzen den 5.000 metroko finaletarako sailkatzen dira.

Kadeteen sailkatze estropadekin hasi ziren lehen piraguistak beraien onena ematen. Zumaiarrei dagokienez, Amaia Ortiz 24. izan zen eta finalerako txartela lortu zuen; Helene Carmonak aldiz, ezin izan zuen finalerako txartela lortu. Kategoria berean, mutilez dagokienez, Xabi Altadill ere finaletik kanpo geratu zen. Kadeteen estropadak bukatuta, jubenilen txanda iritsi zen, bertan zeuden Itxas-Gain taldeko ordezkari gehienak eta emaitza gazi-gozoak lortu zituztela esan daiteke. Alde batetik Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka finalerako sailkatu ziren 18. eta 40. sailkatu ondoren 2.000 metroko sailkatze proba. Aldiz, Kepa Txapartegi, Unai Azkune eta Martin Egaña finaletik kanpo geratu ziren. Sailkatze probei amaiera emateko, mutil seniorren txanda iritsi zen. Bertan Iñigo Peña hirugarren sailkatu zen, nahiz eta sailkatze proban kale desegokiena tokatu.

Arratsaldean beterano mailako estropadekin eman zitzaien hasiera 5.000 metroko finalei. Azken denboraldietan bezalaxe Xabi Osak karrera bikaina burutu eta lehen postuan helmugaratzea lortu zuen, beste behin ere maila oso onean dagoela erakutsiz. Beteranoen estropadak amaituta, kadete nesken ordua iritsi zen, bertan Amaia Ortiz 19. sailkatu zen. Jubenil mailan nesketan, Irati Osa 14. postuan sailkatu zen.

Esperantza politak jarrita zituzten Itxas-Gaineko piraguistek igande goizean jokatuko ziren estropadetan eta ez zuten hutsik egin finalean parte hartu zuten piraguistek. Jubenil mailan, Unai Gereka 12. sailkatu zen estropada bikain baten ondoren eta Imanol Barruetabeña berriz 14. izan zen estropada borobilduz. Esan beharra dago lehen urteko jubenilak direla biak eta urtebete zaharragoak direnen aurka lehiatu zirela.

Eguerdiko ordu batak hogei gutxitan izan zen senior mailako mutilen estropada, txapelketako estropada nagusia, eta bertan gerra emateko prest zen Iñigo Peña. Estropada gogor baten ondoren, bigarren sailkatu zen Javier Hernanz asturiarraren atzetik eta Rodrigo Germade galiziarraren aurretik. Podiumean lagun izan zituen biak berarekin Madrilen entrenatzen duten selekzioko kideak dira, hain zuzen ere aurreko urtean k4ean lagun izan zituenak.

Txapelketaren amaieran pozik zeuden egindako lanarekin taldeko piraguistak eta Ander Tolosa, entrenatzailea. Urteari hasiera ona eman diotela eta aurrera begira ere emaitza onak lortzeko esperantzarekin dira zumaiko piraguistak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide