Ez dago 5.000 metroko distantziara ohituta, baina Sevillako Neguko Txapelketan erakutsi du saio betean dagoenean punta-puntako piraguista dela. Zilarra irabazi berri, itxaropentsu mintzatu zaigu denboraldi berriari begira. Espainiako selekzioaren lauko piraguan postua du, eta aurten oso indartsu daudela dio: "Iaztik urrats bat egin dugu aurrera, oso indartsu gaude laurok, eta nazioartean dominaren bat lortzeko aukera izan dezakegu".
Neguko Txapelketako bigarren postuak (K1) konfiantza eman dio, eta pozik sumatzen zaio telefonoaren bestaldean. "Neguan lan ona egin dugun seinale izan da Sevillako emaitza. Gainera, Espainiako selekzioko K4an gauden laurok izan gara sailkapeneko lehenak, gu distantzia motzagoetan ibiltzen garen arren. Laurok —Herranz, Peña, Germade eta Carrera— oso indartsu gaude eta horrek itxaropena piztu digu 2014ari begira". Irailetik ari dira gogor entrenatzen eta, aspaldiko partez, laukote finkoaren aldeko apustua egin du federazioak. "Hori oso garrantzitsua da. Beste urteetan beti gorabehera handiak izan dira, aldaketa asko. Orain badirudi gu lauron aldeko apustua egin dutela eta oso ondo ari gara lanean. Iaz Europako Txapelketan laugarren izan ginen, eta Mundukoan zortzigarren final handian. Aurten beste urrats bat egin dugu aurrera eta dominen lehian egon gaitezke".
Etorkizun handia ikusteko dio Peñak laukoteari, eta 2016ko Olinpiar Jokoak dauzka begiz jota. Baina bide luzea egin behar da hara iristeko, eta lehen erronkak gainean ditu. "Aurrena, bost aste barru, Espainiako Kopa1000 jokatuta da, K1ean. Hor maila jakin bat ematea eskatuko zaigu, sasoian gaudela erakusteko. Ondoren, maiatzean, Munduko Kopako bi proba izango dira, Italian eta Txekiar Errepublikan. Eta gero udan Munduko Txapelketa, Moskun".