Gazteek beren kezkak eta iritziak plazaratzeko aukera izango dute larunbatean

Baleike 2014ko martxoaren 20a

Larunbaterako Zumaiako Gazte Topaketak antolatu dituzte, Izan zeresan lelo hartuta. Egun guztiko egitaraua prestatu dute. Aurretik, ordea, sei hilabeteko ibilbidea egin dute gazteek. [Urola Kostako Hitza]

Topaketen bidez, gazteen esana zeresan izatera eraman nahi dute. «Gazteok pentsatzen duguna esateko ez dugu inoren zain gelditu nahi, eta zentzu horretan, aurreko sei hilabeteetan gauzatu dugun harreman bira abiapuntu gisa ulertu dugu», esan dute Zumaiako gazte mugimenduko kideek. Topaketen bidez, gazteen ideien eta kezken inguruan eztabaidatzeko konfiantzazko eremu edo espazio bat sortu nahi dute, ahalik eta gazte gehien bilduz.

Proposamen batetik sortutakoa izan da Esan harreman bira. «Adin desberdinetako gazte gutxi batzuk bildu ginen, Zumaiako gazteon inguruko hausnarketa txiki bat egiteko asmotan». Segidan, harreman bira aurrera eramateko lan talde bat sortu zuten. «Hortxe hasi zen gure ibilbidea, eta topaketekin amaituko litzateke talde horren lana».

Herriko gazteek pentsatzen eta egin nahi dutenaren inguruan hitz egiten hasteko aitzakia bat sortu nahi zuten harreman birarekin, «eta, egindako lanak aurrera begirako oinarri bat jartzeko balio badu, gure helburua guztiz beteta izango da».

Sei hilabeteotan astero edo astean bitan elkartu dira. «Aurrena harreman bira diseinatzeko, gero jarraitzeko, eta kanpora begirako proiekzio komunikatiboa lantzeko, eta azkenaldian, topaketak prestatzeko».

Barruko eta kanpoko lana

Harreman biran barruko eta kanpoko lana egin dute. «Egiten ari ginen lana eta bidea, herrian era batean edo bestean nabaritu egin behar zela pentsatu, eta sare sozialak eta kaleak astintzen saiatu gara». Hala, gazteei bira nola zihoan kontatzeko bideo txiki batzuk egin dituzte Esantxo pertsonaiarekin eta haren lagunekin. Gainera, kalean eta sarean herriko gazteen kezkak zabaldu dituzte; «gertuko izateko, gazte horien argazkiak erabili ditugu karteletan». Tabernetan, berriz, komiki-bunbuilo formako arbeltxoak utzi zituzten, gazteek nahi zutena idatz zezaten.

Herrian hedapena lortu dutelakoan daude gazteak: «Uste dugu, neurri batean behintzat, herrira zabaltzea lortu dugula».

Azken hilabeteotan herriko gazteekin elkarrizketak egin dituzte, eta gero lortutako informazioarekin ondorioak atera ditu lan taldeak. Harreman biran bildu dituzten kezka nagusien gaiak hauek dira: hezkuntza, lana, emantzipazioa, aisialdia, denbora falta, sexismoa, eredu ekonomikoa eta nazio gatazka. «Kezka horien aurrean dugun jarrerari dagokionez, orokorrean gazteok jarrera pasiboa eta iniziatiba falta handia dugula nabarmendu dute gazte gehienek. Edozein kasutan, askok zerbait egiteko gogoa badutela azpimarratu dute».

Zumaiako gazte mugimenduari begira, berriz, iritzi desberdinekin egin dute topo. «Zumaiako gazteak orokorrean oso errutinazkoak direla nabarmendu dute, eta kosta egiten zaigula gure betiko espazioetatik ateratzea. Gazte mugimenduari dagokionez, batzuek urruti sentitzen dutela adierazi dute, eta beste batzuek zabalik dagoela, eta herriari bizi handia ematen diola».

Ondorioak fanzinean bilduta

Ateratako ondorio nagusiak jasoz fanzine bat atera dute, aurrera begira bertako edukiak tresna gisa erabiltzeko asmoarekin. «Fanzine edo liburuxka honetan hilabeteotan egindako harreman biraren ondorio nagusiak bildu ditugu, aurrerantzean zirriborro gisa erabili, baztertu edo nahi duguna egiteko». Sarean jarri dute, issuu.com/galernasarean/docs/esan helbidean. Horrez gain, herriko tabernetan, ikastetxeetan, Gazte Txolan eta udal liburutegian banatu dituzte aleak, edonoren eskura jarriz. «Hasiera batetik, gure helburua izan da gazte orok fanzinea eskura izatea». Arrazoi ekonomikoengatik nahi beste kopia ez dituzte atera, baina sarean eskura daiteke.

Antolatzaileen esanetan, gazte ugarik hartu du parte harreman biran, gehienak 15 urtetik 25 urtera artekoak. Hala ere, bertan parte hartu ez duten herriko gazteak ere larunbateko topaketan parte hartzera animatu nahi dituzte.

Larunbateko Zumaiako Gazte Topaketetan, harreman biraren norabidea zehaztu duten hiru blokeen inguruan hitz egiteko asmoa dute. Batetik, gazteek eurek dituzten kezken eta ideien inguruan hiz egingo dute: «Kezka horien oinarrira joateko ahalegina egingo dugu». Bestetik, kezka horien aurrean gazteek duten jarreraz hausnartuko dute, ondoren, arreta herrira bertara jarriz.

Topaketetan ateratako ondorioak bateratzeko momentua dela uste dute gazte mugimendukoek. Gazte Topaketa lehen pausoa da, «hortik aurrera, gazte guztion artean erabakiko dugu zein den egin nahi dugun ibilbidea».

Larunbatean ahalik eta parte hartze zabalena lortu nahi dute. Horregatik, guztien ekarpenari garrantzia eman nahi diote, «edozein ekarpen izango da ongi etorria». Horregatik, gazte guztiak gonbidatu dituzte, «bakoitzak bere moduan egunean parte hartuz».

Larunbatetik aurrera zer, bertan erabakiko dute. «Mila aukera ditugu, eta guk erabakiko dugu aurrera begira egin nahi dugun bidea zein den. Erakutsi dugu gazteok asko dugula esateko, eta ziur egiteko ere asko dugula».

Martxoak 22, larunbata

Zumaiako Gazte Topaketetako ekitaldi guztiak Zumaiako Torreberri gaztetxean egingo dituzte. Egunean zehar, gaztetxearen kanpoko horma margotzen jardungo dute herriko artista gazteek.

- 10:00. Gosaria.

- 10:30. Eztabaiden hasiera. Ahalik eta modu dinamikoenean egiteko asmoa dute.

- 14:30. Bazkaria.

- Bazkalondoan. Ondorioen aurkezpena.

- 19:30. Herriko gazteen emanaldia: Iseka taldekoek hainbat kanta joko dituzte; magia; antzerkilarien esketxak; poesia errezitaldia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide