Podiumean segitzen dutue Viveros San Antongo txikienek

Baleike 2014ko martxoaren 20a

Oier Unanue, Mikel Azkue eta Naia Urbieta Osak podiumean segitzen dute. Usurbilen jokatutako alebin eta infantil mailako lasterketan, alebinetan Oier Unanue bigarren izan zen, eta Mikel Azkue hirugarren; Oier iribarrek ere lan ona osatu eta 21. amaitu zuen. Infantiletan podiumetik gertu ibili zen Gaizka Gurrutxaga aizarnazabaldarra; laugarren bukatu zuen lasterketa. Naia Urbieta Osa 19. izan zen lasterketan, nesken artean bigarren. Larunbat honetan Zarautzen izango dute hitzordua alebin eta infantilek.Juniorretan zorte handirik gabe ibili ziren Viveros San Antongo ziklistak Azpeitian. Lasterketa Haritz Eizagirrek bakarrik bukatu zuen, Euskalerritik aparte, kanpotik ere txirrindulari asko izan zen Azpeitiko karreran eta han sortutako nahaspilan Gorka Etxaberi atzeko gurpilean jo eta erori egin zen. Berak min handirik ez baina, bizikleta matxuratuta, ezin izan zuen lasterketan segi. Asteburu honetan bi lasterketa izango dituzte Viveros San Antongo txirrindulariek, larunbatean Bergaran eta igandean Donostiako Egia auzoan.

Aitor Olaziregik, bere aldetik, Kantabriako Astillero herrian jokatu zuen San Jose saria. 126 km-ko lasterketa zen, bi malda esanguratsurekin eta talde dominatzaile batekin. Izan ere, Baqué-Campos taldeak 15 txirrindulari eraman zituen, lasterketa erabat lotuz eta menperatuz, besteek ezer gutxi egin ahal izan zuten Baque-Camposekoen kontra; lasterketako bost lehenengoak talde bizkaitarreko txirrindulariak izan ziren. Aitor Olaziregi (Hyundai-Caja Rural-Niessen) saiatu zen ihesaldietan baina ezinezkoa izan zen, azkenean 30. bukatu zuen. Emaitza ona da, 94 parte hartzaile izan ziren bertan eta abiadura handia:42, 3 km/h. Kantabrian ez dago afizionatu mailan adin mugarik, eta Asturiastik edo Galiziatik joandako jende oso helduak ere parte hartu zuen. Larunbat honetan Bizkaian izango du lasterketa Olaziregik, Laukizen hain zuzen ere; 23 urtez azpikoentzat da lasterketa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide