Bigara Pulpok mailari eusteko helburua lortuta, orain jubenilen taldea dago denboraldiko une erabakigarrien atarian. Sailkapeneko lehen postuan dago eta larunbatean Tolosari irabazten badio (Lubakin, 18:00etan), Euskadiko Txapelketako lauko finala jokatzeko txartela eskuratuko du. Gainera, sailkapeneko lehenak lauko finala etxean antolatzeko aukera izango du, eta horko bi onenek Espainiako Txapelketa jokatuko dute.
Iaz denboraldi bikaina egin zuten kadete mailan, Espainiako Txapelketako fasea Zumaian jokatu eta Bartzelona handiari aurre eginez. Aurten, dagoeneko jubeniletan, bide beretik doaz –16 partida irabazi dituzte eta bi berdindu–. Lehen helburua eskura dute: bihar Tolosari irabazi eta Euskadiko Txapelketako lauko finalera sailkatzea. Pulpo lehen multzoko liderra da sei punturekin; atzetik ditu Loiola eta Tolosa, bosna punturekin; Escolapios da multzoko azkena, punturik gabe. Tolosari irabaziz gero, finalerako txartela lortuko dute, eta hurrengo jardunaldian lana borobildu eta multzoko lehen postua lortuz gero finala Zumaian jokatuko litzateke.
Espainiako Txapelketa jomugan
Pausoz pauso joan behar da, aurkari gogorrak baitaude bidean, baina taldearen azken helburua da aurten ere Espainiako Txapelketarako sailkatzea. Horretarako, lauko finalean bi onenen artean sailkatu beharra dago. Beraz, hemendik aurrerako partida guztiak oso garrantzitsuak izango dira jubenilentzat eta jarraitzaileen bultzada beharko dute inoiz baino gehiago.
Jubenilen aurretik Bigara Pulpok jokatuko du, 16:30ean, Stadium Casablancaren aurka.