Preferenteko taldeak 0-2 irabazi du asteburuan Anaitasunaren aurka, Azkoitian. Sailkapeneko bosgarren postuan daude, igoeratik lau puntura. Neskek ere gora begira jarraitzen dute, Arizmendiri 2-1 irabazi eta gero bigarren postura igo baitira.
Preferenteko mutilek itxaropentsu ekingo diote denboraldiko azken txanpari, azken aldian joko bolada bikainean baitaude. Asteburuan Anaitasuna hartu dute mendean, 0-2, jokoan jaun eta jabe izan eta gero. Partidako lehen gola Txokok egin zuen –denboraldiko lehena–, Bozasek ezker hegaletik egindako erdiratze bikaina errematatuz. Jokinek aldea zabaltzeko aukera izan zuen 35. minutuan, penaltiz, baina baloia zutoinera bidali zuen.
Bigarren zatian partidak bide beretik jarraitu zuen, Zumaiako partidaren jabe. Penaltiaren arantza kendu zuen Jokinek 0-2koarekin, areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten ondorioz.
Jardunaldiaren bukaeran, Zumaiako bosgarren postuan dago, igoera postuetatiklau puntura eta taldea nabarmen gora doa. Hurrengo partida Zestoan izango da.
Neskak bigarren
Erregional mailako neskek ere sekulako garaipena lortu dute Arizmendiren aurka, Aita Marin. Arizmendi sailkapeneko bigarrena zen, baina Zumaiako kendu dio postua 2-1 irabazita. Gorostolak zuzendutako taldeak ederki erantzun zion Arizmendik proposatutako partida gogorrari. Oso lehiatua izan zen partida, intentsitate handiarekin jokatutakoa.
Izar izan zen partidako protagonista: denboraldi luzea egin du min hartuta jokatu ezinik, garaipenaren gola egin zuen, baina berriro lesionatu eta zelaia utzi behar izan zuen. Zumaiarren lehen gola Julek egin zuen.
Garaipenaren ondoren, neskak 2. postuan daude lehenetik bi puntura eta igoera lortzeko helburua posible dela erakutsi dute.
Beste emaitzak
Ohorezko jubenilek eman dute asteburuko berri txarra. Fleitasek partida hasieran gola sartu bazuen ere, Koskasek markagailuari buelta eman zion lehen zatian. Itxura eskasa eman zuen taldeak eta sailkapeneko azken postuan daude. Erreakzio azkar bat behar da lehenbailehen.
Ohorezko kadeteak 2-0 galdu zuten Zarautzen. Felixek zuzentzen duen taldeak baja garrantzitsuak zituen, jokalari batzuek jubenilekin jokatu baitzuten taldeari laguntzeko.
Lehen mailako kadeteek 3-2 irabazi zuten. Piniren taldea bigaren postuan dago orain. Golak Pablo, Iban, Eneko eta Romanek sartu zituzten.
Kadete neskek partida berdindu zuten azken sailkatuaren aurka eta ez jaisteko lanetan dihardute.
Ohorezko infantilek galdu egin zuten etxean, ongi jokatutako partida batean. Porrot honek lehen postuetatik ateratzen ditu mutilak.
Infantil txikiak 0-2 irabazi zuten Aizkorriren aurka.
Infantil nesken A taldea lidertzan dago beraien partida irabazi ondoren, eta B taldea 5. postuan galdu ondoren.