Hegazkinei egindako argazkien erakusketa dago zabalik Oxford aretoan

Baleike 2014ko martxoaren 27a

Hegazkinen argazkiak ateratzea dute afizio. Spotters de Leso taldean bildu dira, zaletasuna konpartitzeko. Urtebetean egindako argazki adierazgarrienak bildu eta Zumaiara ekarri dituzte, Alondegian erakusteko. Carlos Lamsfus taldekideak azaldu dizkigu taldeari, zaletasunari eta erakusketari buruzko xehetasunak. Erakusketa dagoeneko zabalik dago Oxford aretoan.

-Argazki erakusketa bat da Zumaiara ekarri duzuena. Zer nolako argazkiak dira?

Hegazkinen argazkiak edota hegazkinetatik aterarakoak ekarri ditugu Zumaiako erakusketara. Talde bezala urtebete egin dugu eta urte honetan atera ditugun 36 argazkirik deigarrienak edo guri gehien gustatzen zaizkigunak erakutsi ditugu.

-Esan daiteke hegazkinen mundua maite duzuen talde bat zaretela. Zenbat kide zarete eta nola elkartu zineten?

Gure taldea 2013ko martxoan sortu zen, Josu Azkuek eta Iñigo Olaizolak Interneteko foroetatik elkar ezagutzeaz gain, topo egin zutenean Hondarribiko aireportuan. Talde bat sortu zuten Facebooken eta egun 113 taldekide gara. Abiazioaren inguruan argazki, bideo, bitxikeri eta beste hainbat gauza partekatzen ditugu. Abiazio eta argazki zaletasunak lotzen gaitu. Spotter hitza ingelesetik dator: to spot aditzatik, alegia urrutitik ikustea edo begiratzea esan nahi du eta spotter hegazkin, tren, auto edo itsasontziak begiztatzen eta gero argazki edo idazlanen bidez dokumentatzen dituzten pertsonak izendatzeko erabiltzen da. Baino sarriago, argazki aeronautikoen zaleak deitzeko.

- Zer aurkitzen duzue hain erakargarria hegazkinen mundu horretan?

Hegazkinetatik gehien gustatzen zaiguna da hegan egiten dutela. Nola izan daitekeen posible horrelako ontziak, horrelako gailuak, hegan egitea, egiten duten abiaduran eta hain urruti… Aireratze eta lurreratze prozesuak ere oso gustoko ditugu, motorren soinua, abiadura nola hartzen duen, eta nola doa goraka; edo lurreratzen ari denean, nola egiten duen ikustea…

- Hegazkin modeloak eta antzerakoak bakarrik ez,hegazkinen ordutegiak ere jarraitzen dituzue hegazkin bakoitzaren nondik norakoak ezagutzeko…

Bai. Egunen baten argazkiak ateratzeko gelditzen bagara, aireportuak programatuta dauzkan hegaldiak begiratzen ditugu Interneten. Horrela, badakigu zer hegaldi, nondik eta zer ordutan etorriko diren eta gu antolatzeko ere balio digu. Eguneroko hegaldiez gain, batzutan hegaldi txarterrak ere badaude, ez dira ohiko hegazkinak eta argazkiak ateratzen saiatzen gara.

- Beraz, ez zarete argazkietara bakarrik mugatzen?

Ez, izan ere, spottera izanda, bi hobby aldi berean egin ditzazkezu: alde batetik, hegazkinak ikusi eta miretsi, eta bestetik, argazkilaritza jorratu, argiarekin jolastu, toma desberdinak egin, gero ordenagailuan tratatu eta noizean behin, aldizkari espezialitatu beten batera bidali.

-Nola antolatzen zarete?

Facebooken talde bat daukagu. Argazkiak eta informazioa elkarbanatzeaz gain, hitzordua jartzeko ere erabiltzen dugu. Esan bezala, taldean 100 pertsona baino gehiago gara eta ez dugu danok aktibitate maila berdina. Horregatik, gertuen gaudenak eta eraginkorrenak garenak, whatsapp talde bat daukagu uneoro kontaktuan egoteko.

- Zumaian ikus daitezkeen argazkiak non ateratakoak dira?

Zumaian batez ere Donostian ateratako argazkiak jarriko ditugu. Hala ere, beste zenbait aireportutan ateratako argazkiak egongo dira, adibidez, Hong Kong, Madril, Pyongyangen... Eta baita ere, hegazkinetatik ateratako argazkiren bat egongo da. Eta erakusketa honetara, sorpresa bat ekarri dugu Zumaitarrentzat.

-Hondarribiako aireportua omen duzue gogokoena. Zergatik? Trafiko handirik ez du eta…

Hondarribiko aireportua arrazoi askorengatik da polita. Alde batetik, Bidasoako paraje paregabean delako. Itsasoa, inguruan dauden mendiak, errekak, hondartzak, guzti horrek ematen dio aireportu honi xarma berezi bat. Bestetik ere, oso aireportu zaila da pilotoentzat: ia pista guztia urez inguratuta dago, haize boladak ere egon daitezke... Izan ere, aireportu honetan gaikuntza berezia daukaten pilotoak besterik ez dute lur hartzen.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide