"Bodyboardak beste bultzada bat behar du"

Baleike 2014ko martxoaren 31

[/caption]

Hirugarren urtea du Alex Urangak (1989, Zumaia) munduko bodyboard zirkuituan. Dagoeneko bere lekua egin du onenen artean, izena lortu du aurkari, antolatzaile eta jarratzaileen artean, eta bere burua sendo ikusten du: "Onenekin parez pare lehiatzeko gai naizela erakutsi dut, eta aurretik bide luze bat daukat egiteko". Baina kezkarik ere ez zaio falta, krisiak gogor kolpatu baitu bodyboarda. Iaz zortzi probatik lau bakarrik jokatu ziren eta aurten airean egon da zirkuitua oso berandu arte. "Kirol honek beste bultzada bat behar du, egiturak sendotu behar dira".

Denboraldia ez da batere gaizki hasi Alexentzat. Hawaiiko proban bosgarren amaitu zuen –inoiz han lortu duen emaitzarik onena–, eta Portugalen Nazareko nazioarteko txapelketa irabazi berri du, munduko zirkuituan aurkari izan ohi dituen goi mailako zenbait rider –Pierre Louis Costes tartean– mendean hartuz. "Alde horretatik pozik nago, gustura. Hawaiira joan nintzen konfiantza bila. Zalantza asko zeuden zirkuituaren inguruan, baina nik erabaki nuen joatea, emaitza on batekin indarra hartzeko. Gero, Portugalgo garaipenak poz handia eman dit. Postu onak lortu nituen iaz, baina irabazi gabe nengoen 2012tik –Bretainiako proba bat–, eta irabazteak beti ematen dizu beste energia bat". Edozeinekin lehiatzeko prest dago, beraz.

Bodyboarda, ordea, ez dago bere unerik gozoenean. 2012a urte bikaina izan zen, IBAk antolatutako munduko zirkuituak distira berezia izan zuen eta bazirudien gorantz zihoala kirola antolaketa mailan. Baina iaz porrota etorri zen. "IBA, azken finean, erakunde pribatua da. Gregg Taylor australiarra zen nagusia, berak jarri zuen dirua, eta erabaki zuen bodyboard sustatzen ez jarraitzea". Krisi ekonomikoak ez du batera lagundu. Babesleak galdu dira, probak antolatzeko hautagaiak urritu egin dira, eta antolaketa erabat ahuldu da. "Iaz urte amaierako probak bertan behera gelditu ziren. Lehen laurak jokatuta ni sailkapeneko hamargarrena nintzen. Azken laurak jokatu ez zirenez eta bakarrik hiru puntuazio onenak kontuan hartu zirenez, 14. amaitu nuen, ia top16tik kanpo".

Aurten gauzak ez zeuden batere garbi, eta azkenean ABP elkartea sortu dute IBAko zenbait buru, langile eta bodyboardlariren artean. "Helburua da urtea alferrik ez galtzea. Sari apalagoekin eta antolaketa arinagoarekin, zirkuitua aurrera ateratzea da helburua. Oraingoz, Hawaiiko proba jokatu da, eta hurrengoa uztailean izango dugu, Brasilen. Egutegi bat ere osatu da eta, printzipioz, zortzi proba daude, urtero bezala. Litekeena da horietako bat edo beste bertan behera gelditzea, baina lortzen bada sei proba jokatzea urtea salbatuko da".

Aurrera begira, kirola aurrera ateratzea espero du. "Zirkuitua pribatua den neurrian, beharrezkoa da kirol honengan sinesten duen norbaitek hartzea gidaritza eta dirua jartzea. Kirol honek badu etorkizuna, baina beste bultzada bat behar du, eta ez soilik mundu mailan, Euskal Herrian ere bai". Alexek gai ikusten du bere burua hurrengo urteotan onenekin lehiatzeko, baina egoera honek zalantzak sortzen dizkie bodyboardlariei. "Nik erakutsi dut hor goian egon naitekeela. Fisikoki eta mentalki indartsu ikusten dut nire burua. Gaur egun dauzkadan aurkari asko beteranoak dira jada, eta belaunaldi berrian ondo kokatuta nago. Baina kirolaren egiturak sendotu behar dira. Bestela, zalantzak sortzen zaizkizu etorkizunari begira. Batzutan pentsatzen duzu agian onena litzatekeela zure kasa lasaiago ibili, benetan nahi duzun lekuetan eta nahi duzun eran surfeatu nahi duzula, txapelketen menpe egon gabe... Baina aurrera egingo dugula eta aurretik urte on asko dauzkadala pentsatzen dut".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide