Zestoan galdu arren, oraindik igotzeko aukerak ditu Zumaiakok

Baleike 2014ko martxoaren 31

Preferenteko mutilek 3-0 galdu du Zestoaren aurka, baina aurkarien emaitzak ikusita igotzeko aukerak ez dira erabat urrundu. Bestalde, Erregional mailako neskek garaipena lortu zuten Allerruri 1-8 irabazita, eta lidertza eskuratu dute.

Sailkapenean gora egiteko aukera zuen Zumaiakok Zestoaren aurka, baina gauzak ez ziren espero bezala atera. Zestoak intentsitate handiarekin ekin zion partidari eta, gol aukera garbirik sortu ez zuten arren, Zumaiako deseroso sentiaraztea lortu zuten. Zestoak lehen zatiaren erdialdean egin zuen gola, Zumaiakok atzean egindako hutsa aprobetxatuta. Kolpeari erantzuteko gaitasunik ez eta atsedenera joan aurretik bigarrena egin zuen Zestoak.

Bigarren zatian partidari buelta emateko intentzioarekin zelairatu ziren mutilak. Jarrera aldaketa lehen unetik sumatu zen eta Txokok izan zuen lehen gola egiteko aukera, baina ez zuen asmatu atezainaren aurka. Zumaiakok zuen baloia, baina gol aukera garbirik ezin sortu. Estrategia jokaldietan sortzen zuten arrisku gehien, baina halako batean Zestoaren hirugarrena iritsi zen, falta bat zuzenean maisuki jaurtita. Arronak eta Manterolak izan zuten gola egiteko aukera, baina hauek ere ez zuten asmatu.

Sailkapenaren buruan dauden bi taldeek ere galdu zutenez, liderra bost puntura dago eta promozioko postua laura. Beraz, oraindik lehian jarraitzen du Zumaiakok.

Erregionaleko taldea lider

Allerruk 50. urteurrena ospatzen du aurten, baina Erregional mailako neskek ez zuten gupidarik izan, 1-8 irabazi zutelarik. Intxaurdi liderrak galdu egin duenez, orain zumaiarrak daude sailkapeneko lehen postuan. Oraindik partida asko gelditzen diren arren, egoera ezin hobean daude. Hurrengo partida Mutrikuren aurka jokatuko dute, etxean, eta emaitza oso garrantzitsua izan daiteke denboraldi amaierari begira.

Beste emaitzak

Ohorezko jubenilek panorama zaila dute, etxean 0-1 galdu ondoren. Mutilak ez ziren irabazteko gai izan eta azken postuan jarraitzen dute. Lau jardunaldi falta dira denboraldi amaierarako baina egia esan gauzak zaildu zaizkio Arantzaren taldeari.

Ohorezko kadete mutilek bana berdindu zuten Urkiren aurka.

Ohorezko kadete neskek 2-3 irabazi zuten Amaikak baten aurka, eta maila mantentzeko aurrera pausoa eman dute.

Lehen mailako kadeteek 2-0 galdu zuten Orion. Partida nahiko tirabiratsua izan zen eta zumaiarrak ez ziren gai izan puntuak eskuratzeko.

Ohorezko infantilek bana berdindu zuten Ilintxaren aurka.

Infantil txiki taldeak 5-2 galdu zuten Elgoibarren aurka.

Infantil neskek etxeko derbia izan zuten, eta A taldeak 0-5 irabazi zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide