Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina

Baleike 2014ko martxoaren 31

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du martxan Zumaiako Udalak, aurtengoan UEMArekin elkarlanean. Udaleko Euskara Zerbitzua errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri da eta guztiek bat egin dute kanpainarekin; mahai gaineko txartel batzuen bidez adieraziko dute euskaraz egiteko aukera, eta kartelak ere jarriko dira hainbat lekutan herritarrak horretara gonbidatzeko. Horrela, euskarari bide berriak irekitzen zaizkio eta, bide batez, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.

2009tik urtero gora egin du errenta aitorpena euskaraz egitea eskatzen duten zumaiarren kopuruak, eta 2013an, lehenbiziko aldiz, 1.000ra iritsi zen. 2014an ere kopuru hori gainditzea da kanpainaren helburua.

Errentaren gaineko aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 11n hasi eta ekainaren 25ean amaituko da; etxera bidalitako autolikidazio proposamenak apirilaren 7tik aurrera berretsi ahal izango dira.

Hiru bide daude dituzu aitorpena egiteko eta guztietan erabil daiteke euskara:

1. Autolikidazio proposamena

2. Mekanizatua

3. Internet bidezkoa

Mekanizatua

Foru Ogasuneko bulegoetan egiten da; gure eskualdean Azpeitian egin dezakegu. Horretarako hitzordua eskatu behar da, telefonoz edo Internetez.

Egin euskaraz: telefonoak euskara aukeratzeko bidea emango dizu, baita Interneteko atariak ere. Bulegoan euskaraz hitz egiten baduzu, langileak euskaraz beteko du zure aitorpena; hala ere, ziur egoteko, esaiezu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

Autolikidazio proposamena

Zergadun batzuei etxera bidaliko dizuete proposamena, Foru Ogasunak eskura daukan informazioan oinarritutakoa. Proposamena ontzat ematen baduzu, bi bide daude onartzeko: telefonoz edota Internet bidez.

Egin euskaraz: proposamena eta eskutitza ele bietan jasoko dituzu. Telefonoa erabiliz gero, euskara erabiltzeko aukera emango dizute. Internet bidez ere euskaraz egiteko aukera izango duzu.

Internet bidezkoa

Batetik, aholkularitza zerbitzuek erabiltzen dute bide hau. Gune horietara gure sarreren, gastuen, kenkarien eta abarren frogagiriak eraman eta bertako langileak arduratzen dira aitorpena egin eta bidaltzeaz.

Egin euskaraz: ondoko zerrendan duzu Zumaian non egin ahal izango duzun zure aitorpena euskaraz. Nahikoa duzu bertako langileari euskaraz egin nahi duzula adieraztea.

Hemen lagunduko dizute

AM aholkulariak Ardantzabidea 16, behea 943 862609

Ricardo Azcue aholkularitza Txomin Agirre kaia 4 943 862651

Unanue aholkulariak Erribera kalea 6 943 860960

Zumai aholkularitza Amaiako plaza 15 943 862624

Bestetik, partikularrek ere har dezakete bide hau, ogasunaren webgunean. Horretarako Zergabidea laguntza programa erabili behar da. Egin euskaraz: Interneteko gunean hasieratik euskaraz betetzeko aukera izango duzu, eta PDFko inprimakiak euskaraz ere badauzkazu eskura.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide