Pulpoko jubenilek Zumaian jokatuko dute lauko finala, asteburuan

Baleike 2014ko martxoaren 31

[/caption]

Jubenil mailako Euskadiko txapelduna Zumaian erabakiko da. Ostiralean hasi eta igandean buka, Pulpok, Indautxuko Loiolak, Zarautzek eta Eibarrek jokatuko dute lauko finala, Lubaki kiroldegian. Azken jardunaldian 21-29 irabazi zion Pulpok Loiolari, eta txapelketako lehen bi faseak partidarik galdu gabe amaitu ditu –bi partida berdindu ditu–. Lehen faseko liderra izan zelako du lauko finala etxean antolatzeko eskubidea.

Joan den urtean kadete mailan zeudelarik Zumaian jokatu zituzten bi faseak gogoan dituzte oraindik jarraitzaileek. Euskadiko txapeldun izan ondoren Espainiako Txapelketako fasea etxean bertan jokatu zuten, eta Bartzelona handia estutzeko gai izan ziren. Aurten, dagoeneko jubenil mailan, bide beretik doaz. Lehen fasean jaun eta jabe izan ziren, eta bigarrenean ere multzoko lider amaitu dute, Indautxuko Loiolaren aurretik. Beste multzoan Eibar izan da lehena eta Zarautz bigarren.

Zumaiarrak dira txapela irabazteko faboritoak. Lehen fasean Eibar, Loiola eta Zarautz mendean hartu zituzten, eta bigarrenean Loiolaren aurka azken partida irabazi eta lehen itzulikoa berdindu zuten, etxean jokatutakoa, hain zuzen ere. "Gorabehera batzuk izan ditugu bigarren fasean, baina horiek gainditu ditugu eta azken hiruzpalau partidetan taldea bere maila onenera gerturatu da", azaldu digu Alex Oliden entrenatzaileak.

Euskadiko Txapelketa da denboraldiko lehen erronka. Ondoren, dena ondo bidean, Espainiako etorriko da. Lehen bi sailkatuek lortuko dute txartela, eta hirugarrenak akaso ere bai.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide