Piraguismoko proba ikusgarrienetakoa da maratoia, eta igandean lehen aldiz bertatik bertara ikusi ahal izango da Zumaian. "Maratoia antolatzeko apustua egin dugu, ikusteko oso erakargarria delako. Ia estropada osoa herritik mugitu gabe jarrai daiteke, eta oso ikusgarria izaten da piraguistak uretatik irten eta piragua eskuan dutela korrika ikustea", azaldu digute Josu Ansola eta Oier Aizpuruak. Bien ardura izan da ibilbidea diseinatzea, eta izango dute estropadan probatzeko aukera, biko piraguan aterako baitira elkarrekin. Hitzordua, igandean, 11:00etatik aurrera.Maratoian lortu dituzte Zumaiako piraguistek lorpenik handienak. Hor daude Oier Aizpuruak irabazitako munduko txapelketak, Xabier Osak beterano mailan nazioartean lortutako dominak (urrezkoak tartean), edota gazte mailan ere Itxas Gaineko piraguistek lortu dituzten emaitza bikainak. Baina, gauzak nola diren, Zumaian ez da sekula maratoi distantziako probarik jokatu. "Orain arte Euskadiko Txapelketa Orion jokatu izan da, Federazioak antolatuta. Baina aurten Itxas-Gainen pentsatu dugu Zumaiara ekartzea, herritarrei zerbait ezberdina eskaintzeko", azaldu digute Josu Ansolak eta Oier Aizpuruak.
Igande goizean jokatuko da, 11:00etatik aurrera, eta dagoeneko 14 taldek eta 174 piraguistek eman dute izena. Seniorrek 15 kilometro osatu beharko dituzte, zirkuituari lau itzuli eginez. Emakume, beterano eta jubenilek hiru itzuli egingo dituzte, eta kadeteek bi. Bi minutuko tartearekin aterako dira kategoria ezberdinak. "Antolatzen dugun lehen maratoia da, baina asko ezagutu ditugu eta oso garbi genituen gureak izan behar zituen ezaugarriak. Herrigunean jokatzea nahi genuen, herritarrek bertatik bertara ikusteko aukera izan dezaten; jokatu izan ditugu estropadak bazter galduetan, bakardadean. Piragua lehorretik garraiatzeko zatia korrika egiteko egokia izatea nahi genuen, zenbaitetan sasi artean sartu izan gaituztelako. Piraguistentzat eta ikusleentzat erosoa eta erakargarria izatea izan da helburua. Piraguistak denbora guztian errio bazterretik joango dira, ikusleek gertutik ikusteko; horrek, era berean, estropada erakargarriago egingo du, zenbait puntutan piraguistek ur-mehearekin egin dezatekeelako topo eta horrek erasorako aukera emango du".
Irizpide horiekin diseinatu dute zirkuitua. "Irteera Moilaberriko zubiaren parean izango da. Handik errioan gora, Trenzubiraino; ziaboga egin eta Talaipe pareraino jaitsiko dira; han ziaboga eta gora berriro; Moilaberriaren paretik Itsas Kiroldegira, han arranpan lehorreratu, piragua eskuan hartu eta pantalanetik berriro uretara. Horrela lau itzuli egingo dituzte seniorrek. Azken itzulian, garraiatze zatitik uretaratu eta helmugara 500 metro baino ez dira egongo. Trenzubiraino joan beharrean, lehenago egingo dute ziaboga eta Itsas Kiroldegiaren parean egongo da helmuga. Azken garraiatzea erabakigarria izan daiteke. Erasoa jo eta abantaila lortzen duenak asko izan dezake irabazita".
Hasiera batean pentsatu zuten Arbustaingo arranpa erabiltzea piraguistak uretatik ateratzeko. "Berez egokiena da, Paroletik zatozela arranpan irten, moilatik korrika egin eta gero uretara. Baina uretara bueltatzeko pantalanik ez dago moilan. Bat ekarri behar zen propio eta gainera aldapa handiegia geldituko litzateke". Itsas kiroldegiko arranpa eta pantalana erabiliko dituzte, tarte motza izan arren. "Askotan hobea izaten da motza izatea, esprinta jotzeko aukera ematen baitu. Oso luzea jartzen bada jendeak moteldu egiten du erritmoa, eta grazi guztia galtzen du". Arranpatik erosoago irteteko moketa jarriko dute lurrean. "Piragua puskatzeko arriskua izaten da eta moketarekin hori ebitatu nahi dugu. Zarauzko triatloi taldeak utzi digu eta eskerrak eman nahi dizkiegu. Baita Zumaiako Udalari eta Justa tabernari, emandako laguntzagatik". Era berean, Kirol Portuko erabiltzaileei pazientzia eskatu nahi diete, probak iraun bitartean ontzien trafikoa kontrolatuta egongo delako. "Ahal den neurrian, estropadak iraun bitartean ez ateratzeko eskatu nahi diegu. Dena den, antolakuntzako kide bat egongo da trafikoa kontrolatzeko. Eskerrak eman nahi dizkiegu aldez aurretik".