Caja Rural-Bidebideko txirrindulari Eider Unanuek lider segitzen du junior mailako euskaldun torneoan. Aurreko asteburuan bi proba puntuagarri jokatu ziren, larunbatean Zallan eta igandean Balmasedan. Zallan irabazi egin zuen Eiderrek eta igandean bosgarren sailkatu zen. Kadete mailan, Zallan, Eider Manzisidor 22. postuan sailkatu zen eta Balmasedan 21.ean.
Infantil eta alebinek Aizarnazabalen izan zuten lasterketa larunbatean. Infantil mailan etxekoak irabazi zuen, Viveros San Antongo Gaizka Gurrutxagak. Aizarnazabalgoa da Gurrutxaga eta pozez kabitu ezinda zen denboraldiko lehen garaipena etxean lortuta; Unai Sasiainek ere lan ona egin zuen zirkuitu exijentean eta 18. bukatu zuen; eta Naia Urbieta Osa 20. izan zen, nesken artean bigarren. Alebin mailan Mikel Azkue garaipenetik gertu ibili zen; bigarren amaitu zuen eta Oier Iribarrek ere ederki leihatuta 17. bukatu zuen. Larunbat honetan Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gazteenek Donostian dute hitzordua.
Juniorrek Antzuolan Uzarragako igoera jokatu zuten. 186 ziklista izan ziren irteeran eta 126k bukatu zuten 81 kilometroko karrera; amaiera Uzarragako gainean zuen probak eta taldetik onena Gorka Etxabe izan zen zortzigarren bukatu zuelarik; taldeko Haritz Eizagirrek eta Jon Agirrek ere lana gogotik egin zuten eta 78. Eta 106. ailegatu ziren, hurrenez hurren. Nabarmentzekoa ziklisten bataz besteko abiadura: 40,17 km/h. Larunbat honetan Deban izango dute lasterketa.
Aitor Olaziregik Gorlako igoeran parte hartu zuen. Hyundai-Caja Rural-Niessen taldeko txirrindulari zumaiarrak hasi aurretik bazekien oso lasterketa zaila zela beretzan eta uste baino lan hobea egin zuen, nahiz eta karrera bukatu ez. 189 parte hartzaileetatik 88k bukatu zuten; Gorlako igoera da izena, baina iraupen proba da, 90 kilometroko lasterketa, eta bi aldiz igotzen dute Gorla. Lehenengo igoera Olaziregik pelotoi nagusitik atzeratuta gainditu zuen mendiko pankarta baina denbora gehiegi galdu gabe; horren lekuko, taldeetako kotxeak atzetik zituela. Aurrera segi eta epaileek ez zioten Urretxutik aurrera egiteko aukerarik eman, nahiz eta lasterketako bigarren pelotoian joan (20 lagun); 24 km faltan lasterketa uztera behartu zituzten, eta karreran pelotoi bakarra gelditu zen. Datorren igandean Amorebietan jokatuko du Udaberri saria; lehen urteko afizionatua izanik, Balentziagaren oroimenezkoa albora utzi du, taldeko zuzendaritzak hala erabakita.