Josu Ansolak eta Oier Aizpuruak (senior K2), Xabier Osak (senior K1), Imanol Barruetabeñak eta Unai Gerekak (jubenilak k2), Irati Osak (jubenilak K1) eta Vicente Royok (beteranoak K1) Euskadiko Maratoi Txapelketa irabazi dute maratoiko distantzian. "Estreinakoz antolatu dugu maratoia Zumaian eta dena ondo joan da: parte-hartzaile asko izan dira, ikusleak ere gerturatu dira, eta emaitza politak lortu ditugu", azaldu digute Josu Ansolak eta Oier Aizpuruak proba amaitzean.
Argazki bilduma
Iragarri ziguten proba bizia eta ikusgarria izango zela, eta hala izan da. Dozenaka piragua izan dira gaur goizean Urolan gora eta behera, ikusteko oso egokia den zirkuituan bueltaka. Itsas kiroldegiaren parean jarritako garraiatzea ere erabakigarria izan da, bai behintzat K2 seniorreko proban. "Lehen itzulian boskote bat osatu da aurrealdean. Guk erabaki dugu hasieran atzealdean joatea, aurkariak aztertzeko", azaldu du Oierrek; "nire garaiko batzuk bazeuden, baina bikoteren bat ez nuen ezagutzen, Zaragozakoa esate baterako". Lauzpabost urte badira piragua utzi eta arraunean hasi zela. "Gero, lehen lehorreratzera iritsi garenean, erasoa jo dugu. Estrategia garbi genuen: lehen garraiatzetik gehienez hiru piragua gelditzea buruan, horrela maratoia erosoago egin daitekeelako. Hiru baino gehiago joanez gero, beti dago lehia, erritmo aldaketak... Hiru joanda, lasaiago zoaz eta elkarlanerako aukera dago, dominak seguru dira eta".
Pentsatu eta egin. Lehen lehorreratzean erritmoa bizitu eta bi piragua kateaturik gelditu dira arranpan. "Guk aurrera jo dugu jubenilekin –Barruetabeña eta Gereka–, eta palentziarrak ere iritsi dira gugana". Handik aurrera, erreleboka egin dute lan estropada buruan. "Gure kezka zen estropadan erritmo aldaketa asko egotea; arraunean beste gihar batzuk lantzen dira, esfortzua motzagoa izaten da, piraguan lema mugitu behar da hankekin, oreka mantendu... Kalanbreen beldur nintzen, baina dena guk pentsatu bezala atera da".
Gerekak eta Barruetabeñak maila bikaina erakutsi dute, jubenilak izanda, senior onenekin egin baitute estropada. "Oso maila ona ari dira erakusten, eta beraientzat oso polita da seniorrekin aurrean ibiltzea", esan du Ansolak. Hiru itzuli osatuta, helmugara lehen postuan alde handiarekin iritsi dira Itxas-Gaineko bi gazteak. Seniorrek itzuli bat gehiago osatu behar izan dute. Azken itzulirako, beraz, bi piragua gelditu dira estropada buruan. "Bagenekien azken txanpan erabakiko zela. Garbi genuen azken lehorreratzera aurrean iritsi behar genuela. Erritmoa bizitu dugu Moilaberriaren parean eta aurretik iritsi gara arranpara. Aldapan gora esprinta jo eta palentziarrak atzean utzi ditugu. Gainera, pantalanetik jaisten labaindu eta erori egin dira, eta hortxe erabaki da dena". Helmugara 12 segundoko aldearekin iritsi dira Ansola eta Aizpurua.
"Emaitza oso onak lortu ditugu"
K2 seniorraz eta jubenilez gain, azpimarratzekoak dira Xabier Osak K1 seniorretan eta bere alaba Irati Osak K1 jubeniletan lortutako urrezko dominak. Xabier Osa beteranoa da berez, baina seniorretan lehiatu eta Euskadiko lehena izan da, Estomba asturiarraren atzetik. Nabarmentzekoa da Irati Osak lortu duen garaipena, estropadako bigarrenari minututik gorako aldea atera baitio. Eta urrezko bosgarren domina Vicente Royo beteranoak lortu du. "Aspaldiko partez klubeko piraguista asko izan dira uretan eta emaitzak oso onak izan dira. Lehorrean ere jende asko egon da antolaketa lanetan, gurasoak ere inplikatu dira, eta horretarako ere balio izan du maratoiak, jendea klubera gerturatzeko", azpimarratu du Ansolak.
"Oierri ez zaio piraguan ahaztu"
Lauzpabost urte zeramatzan Oier Aizpuruak piraguan lehiatu gabe. Arraunean dabil azken urteotan, Orion, baina maratoi hau antolatzen buru-belarri inplikatu da eta azkenean Josu Ansolarekin bikotea osatzera animatu da. "Azken astean entrenatu dugu pixkat. Dena den, Oierri ez zaio piraguan ahaztu. Berezko kalitate handia dauka. Lehen ere elkarrekin ibilita gaude, eta segituan nabaritzen da norbaitek maila handia duenean. Detaile txikienak ere kontuan hartzen ditu", azpimarratu du Ansolak.