Lauko Finaleko hiru partidak irabazita lortu dute denboraldia borobiltzea. Espainiako Txapelketarako sailkatu dira, eta fasea Zumaian jokatzeko eskaera egin du Pulpok. Lauko Finalaz, taldeak egindako lanaz eta aurrera begirako erronketaz hitz egin dugu Alex Oliden entrenatzailearekin, Eibarren kontra partida erabakigarria irabazi berri (35-33).
Emaitzak eta sailkapena
Argazki bilduma: Eibar-Pulpo
Euskadiko Txapelketa irabazi duzue. Taldearen ibilbidea ikusita, bete beharreko helburua al zen?
Talde honen historiak espektatiba batzuk sortzen ditu eta horien artean sartzen zen Euskadiko Txapelketa irabaztea. Kostata, baino lortu dugu. Helburu hau beteta, orain perpektiba politagoa zabaltzen zaio taldeari. Euskadiko Txapelketa irabazteak lasaitasuna emango digu, eta orain Espainiako Txapelketako faseari gogotsu eta anbizioarekin helduko diogu. Ikusiko dugu noraino iristeko kapaz garen.
Lauko finaleko hiru partidak irabazi dituzue, baina oso partida borrokatuak izan dira denak.
Lehen urtea dut talde honekin, baina lehendik ondo ezagutzen dut, partida asko ikusi dizkiet. Talde hau orain arte aurkaria baino gehiago izan da beti, eta alde handiarekin gainera. Sekulako erraztasunarekin irabazi dute beti. Hori oso barneratuta daukate. Izugarrizko grina dute lehen minututik partida txikitzeko. Eta hori gero eta zailago da. Kategoria txikiagoetan errazago egin daiteke maila handiko jokalariak edukita, baina adinean gora joan ahala zailagoa da. Eta talde honek hori ikasi beharko du, eta horretarako lauko final hau oso ondo etorri zaigu. Partidak luzeak dira, intentsitate handikoak, mundu guztia oso ondo prestatzen da, kalitatea dago eta jakin behar da partida osoan intentsitatea, jokoa eta kalitatea mantentzen. Partidak ez dira erabakitzen azken unera arte. Hori ikasi behar dute eta ari dira ikasten.
Loiola izan zenuten lehen aurkaria. Agian, defentsako lanetan behar baino pattalago ibili zen Pulpo?
Jokalariak bakarka hartuta, kalitate handienetakoa duen taldea da Loiola. Fisikoki fresko daudenean min handia egin dezakete, eta lehen egunean tokatu zitzaigun. Hori ekidin nahi genuen, baina hala izan da. Oso joko fisikoa eta indibiduala da, eta lehiaketak aurrera egin ahala errendimendua jaitsi egiten dute. Guri arazo handiak eman zizkiguten ligako bigarren fasean. Ostiraleko partidan, guk agian ez genuen asmatu defenditzen, baina hori aurkariaren meritua ere izan daiteke. Markagailua oso altua izan zen, baina hori normala da gure partidetan, erritmo oso altuan jokatzen dugulako. Erasoan gure kalitatea erakutsi genuen, defentsan ez hainbeste.
Zarautzen aurka berriz, defentsa oso ondo baina erasoan zailtasun handiekin…
Zarautzen aurka justu kontrakoa gertatu zen. Erasoan ez genuen asmatzen, baina defentsan aurten oso gutxitan lortu dugun marka lortu genuen, 20 gol bakarrik jasotzea. Partida guztiak dira diferenteak. Zarautzen kontra, hasieran besterik ezin izan genuen erritmo azkar hori ezarri. Erritmo apalagokoa izan zen, oso defentsiboa, gogorregia niretzat. Zarauztarrek oso ondo ikasia dute epaileek jartzen duten mugaraino gerturatzen, eta epaileek nahi baino gehiago lagatzen badute partida gogortu egiten da. Momentu batean kezkatu ere egin nintzen. Baina horrelako partidak jokatzen jakin behar da eta uste dut jakin genuela. Kontaktu fisiko gehiago eta defentsako lan gehiago.
Eibarren kontra partida ez da azken unera arte erabaki. Beraiek min handia egin dute hegaletik.
Bai, hegaletik eta hegalera zuzendutako jokaldiekin. Eta saiatu gara bigarren zati osoan horri neurri jartzen, baina ez dugu lortu. Eta meritu hori aitortu behar zaie. Eta gero, intentsitate handiarekin jokatzen dute azken unera arte, eta horri esker lortu dituzte emaitza onak. Hori oso ondo ikasia daukate.
Defentsa aurreratua egin dute, Kauldiri buruz-burukoa ere bai. Horrek zuen talde jokoa trabatu du zenbait unetan.
Kauldiri buruz-buruko defentsa egitea nahikoa asumituta daukagu. Saiatu gara gure armak lantzen urte osoan zehar horri aurre egiteko eta uste dut nahikoa ondo irten duela. Falta izan zaigu atezainaren aurrean aukera garbi batzuk gauzatzea. Beraiek oso eraginkorrak izan dira, eta horrek ekarri digu bukaeraraino estu ibiltzea. Eta, bai, aurkariak defentsa aurreratzen duenean beti dinamismo arazoak sortzen dira. Soluzio kolektiboak asko murrizten dira. Pibotearekin jokatzen ere ez dugu jakin, eta orduan soluzioak gehiago izaten dira binakako edo bakarkako jokaldiak. Eta hor jokalariek atera behar dute partida aurrera eta atera dute. Egoerari aurre egiteko gai izan dira. Alde horretatik oso partida polita izan da niretzat.
Partida oso borrokatuak izan dira, nahiz eta hiru partidak irabazi.
Egia da ez dugula partida bakarra galdu denboraldi osoan, baina bi berdindu ditugu. Dagoeneko ez dugu aurkaria hankapean ibiltzen. Hori horrela da. Eta aurrerantzean ere hala izango da. Hori jokalariek eta denok barneratu behar dugu, ez dela posible izango aurkaria iaz arteko nagusitasunarekin menperatzea. Irabazteko kalitatea dago, zenbait partida aurrera ateratzeko lagungarria izango da, baina ez badugu lana egiten zailtasunak izango ditugu beti. Hori ezinbestekoa izango da aurrerantzean.
Espainiako Txapelketako fasea antolatzeko eskaera egingo duzue. Justu santelmoetan tokatuko da.
Zumaian antolatzeko aukera badugu, beste festa eder bat egiteko aukera izango dugu. Etxean jokatzea gauza ederra da, eta herrian eskubaloia horrela bizitzea, tarteka bada ere, oso positiboa da.