Zumaiako naturguneei buruzko mugikorretarako aplikazioa aurkeztu dute

Baleike 2014ko apirilaren 10a

Zumaiako naturguneak modu erraz eta erakargarrian ezagutzeko aukera ematen du gaur Donostian Zumaiako Udalak eta Geoparkeak aurkeztutako gailu mugikorretarako aplikazioak.

Audio giden bidez –euskaraz, gazteleraz eta ingelesez–, hiru ibilbide egiteko aukera eskaintzen du: flyschera irteera geologikoa, marearteko eremua eta Urolako itsasadarra. Audioez gain, argazkiak eta testuak ditu, ibilbide bakoitzaren geolokalizazioa (track-a) eta intereseko guneak mapan kokatuta. Aplikazioa Iphone eta Android plataformetarako garatu da, eta www.algorri.eu webgunean ere deskarga daiteke.

Aplikazioa ezagutzera emateko, larunbatean irteera antolatu du Algorri Interpretazio Zentroak. Urolako itsasadarrean dauden ekosistemen aberastasuna gertutik ezagutu eta aplikazioa probatzeko aukera izango da. Irteera 11:00etan hasiko da, Algorri Interpretazio Zentrotik abiatuta, eta bi ordu iraungo du. Azalpenak euskaraz emango dira.

Geoparkeak lau urteko ibilbidea

Duela lau urte erabaki zuten Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerriek Euskal Kostaldeko Geoparkea sortzea, besteak beste, tokian tokiko kultur eta natur ondareari lotutako turismo garapen iraunkorra bultzatzeko. Orduz geroztik hainbat urrats egin dira urtetik urtera gorantz doan bisitari kopuruari eskaintza egokia egin ahal izateko. Izan ere, 2012tik 2013ra %10 egin du gora bisitari kopuruak, eta gero eta atzerritar gehiago datoz, gainera: %6 egin du gora atzerritarren portzentaiak. Eskariari aurre egiteko, aurten bisita gidatu gehiago eskainiko ditu Geoparkeak, eta webguneko eduki nagusiak ingelesez eta frantsesez ere eskaintzen ditu orain.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide