Granollers, Anaitasuna eta Corazonistas hartuko ditu Pulpok Zumaian Espainiako Txapelketan

Baleike 2014ko apirilaren 10a

Santelmoetako lehen asteburuan jokatuko da Espainiako Txapelketako fasea, apirilaren 25etik 27ra. Etxean antolatzea eskatu du Pulpok eta hala onartu dio federazioak. Kataluniako Granollers, Aragoiko Corazonistas eta Nafarroako Anaitasuna izango ditu aurkari.

Iaz kadete mailan lortu bezala, aurten ere Espainiako Txapelketako fasea antolatzeko aukera izango du Pulpok. Jubenilek Euskadiko Txapelketa irabazi berri dute, eta orain Espainiakoan paper ona egitea dute helburu. Iaz kadete mailan Bartzelona handia estutu zuten, eta aurten ere goi mailako taldea direla erakutsi nahiko dute. Granollers, Anaitasuna eta Corazonistas izango ditu aurkari, lau taldeak azken faserako txartel bakarraren bila. Granollers Kataluniako hirugarren izan da aurten, baina iaz kadete mailan Kataluniako txapeldunak izan ziren eta talde berberari eutsi diote. Anaitasuna izan da Nafarroako onena, eta partida guztiak alde handiarekin irabazi ditu. Corazonistas Aragoiko bigarren taldea izan da, baina oraingoz ez dago informazio handirik bere mailari buruz.

Kontuak kontu, goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera izango da berriro Zumaian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide