Pulpok eta Anaitasunak jokatu zuten igande eguerdian Espainiako Txapelketako azken faserako sailkatzeko partida erabakigarria. Bi taldeek Granollers eta Corazonistak gainditu zituzten aurreko bi jardunaldietan, eta beraz, bien arteko finala zen atzokoa. Itxaropentsu zeuden zumaiarrak, baina Anaitasunak ez zuen aukerarik eman (18-27). Nafarrak izan dira faseko onenak, ezbairik gabe.
ARGAZKI BILDUMAK: Pulpo-Granollers / Pulpo-Anaitasuna
BIDEOA: Pulpo-Granollers, gogoan gordetzekoa
Ostiralean Granollersi irabazi ondoren, ligaxkako lehen postua gertuago ikusi genuen denok. Larunbatean, partida bikaina egin gabe, Corazonistas ere mendean hartu zuen Pulpok (30-24), eta Espainiako Txapelketako zortzi onenen artean lehiatzeko txartela azken partidan erabakitzeko zain gelditu zen. Anaitasunak uste baino errazago irabazi zion Granollersi, 36-23, eta garbi utzi zuten aurkari gogorra izango zela azken partidarako.
Eta gogorra baino gehiago, gaindiezin egin zitzaion Pulpori. Fisikoki alde handia dago bi taldeen artean eta Pulpori orain arte ezagutu ez zaion ezintasuna nabaritu zitzaion erasoan. Nafarren defentsa aurreratuak erabat lotu zituen zumaiarrak, jaurtiketa garbirik egiteko zirrikitua aurkitu ezinik ibili ziren partida osoan. Estatistikak begiratu beharko dira, baina ziurrenik Pulpoko belaunaldi honek ez du sekula hain gol gutxi egin partida batean. Eta hori nafarren meritua da. Zorterik ere ez zuten izan zumaiarrek, Kauldi Odriozolak min hartu eta partidaren zati handi bat jokatu ezinik gelditu zelako. Zailtasunak badauzkazu eta gainera zure jokalari erabakigarriena galtzen baduzu...
Kolpea izan zen atzokoa, baina talde gaztea da, lehen urtea dute jubeniletan, eta datorren denboraldian izango dute arantza ateratzeko aukera.