Bertsotan Jai, bertsoa festa giroan biziberritzeko formula

Baleike 2014ko maiatzaren 2a

Herriko bertsolariz osatutako hiru taldek kantatuko dute gaur Torreberrin (20:00), zapiaren bila. 2010etik jokatzen da herriko txapelketa taldeka eta jai giroan, parte hartzea errazteko. Jon Maiak kontatu digu nola sortu zen Bertsotan Jai.Bertsoaren festa izango da aurten ere Bertsotan Jai: herriko dozena bat bertsolari, hiru taldetan banatuta, irabazlearen zapia –eta mariskada– sari; Torreberri Gaztetxea bertsozalez gainezka, denak ere parrandarako gogotsu; umorea, ziria, sagardoa eta patata tortila lehor batzuk gehituz gero, arrakasta ziurtatuta dago.

Duela bost urte asmatu zuen Bertso Eskolak formula berria, aurrekoa agortuta zegoela ohartuta. “Zumaiako Bertsolari Txapelketa 1980ko hamarkadan hasi ginen jokatzen, Anade elkartean”, gogoratu du Jon Maiak; “Sasoi hartakoak gara, besteak beste, Josu Garate, Joxe Joakin Aizpurua, Felix Aizpurua eta ni neu; gero, bigarren fase batean, Algorri jatetxera pasa ginen, eta han hasi ziren Markel Peñalba, Maialen Velarde, Gijarro anaiak, Maddi Gallastegi, Josu Manzisidor… Baina ohartu ginen, urteen poderioz, txapelketa serio samarra bihurtzen ari zela, jende berriari zail egiten zitzaiola parte hartzea, asko inposatzen zuela”.

Txapelketari lehiaren karga kendu eta jendearen parte hartzea erraztea izan ziren formula berriaren oinarriak. “Batetik, pentsatu genuen taldeka antolatuta jendea errazago animatuko zela parte hartzera, lanak taldean bana daitezkeelako, bakoitzaren ahalmenaren arabera; bestetik, santelmoak izanik, jai giro hori ekarri nahi genuen bertso saiora, jolaserako aukera gehiago eman”. Agertokia ere aldatu egin zuten: “Torreberri Gaztetxeak laguntzen du seriotasuna arintzen, gazteak han etxean sentitzen dira eta jai giroa nabarmena da”.

Bosgarren aldia izango da gaurkoa, eta orain arte egindako bidearen balorazio “oso ona” egin du Jon Maiak –berak egiten ditu gai-jartzaile lanak–. “Helburu denak bete dira. Txapelketa biziberritzea zen helburua eta lortu dugu. Jende berria animatu da parte hartzera: lehen 8-9 bertsolari izaten ziren eta formula honekin 20ra ere iritsi gara. Publikoa ere handitu eta zabaldu egin da. Santelmoetako egitarauan erreferentziazko ekitaldia da dagoeneko. Gaztetxea bete egiten da, eta festa oso parte-hartzailea da”.

Saioa jai giroan egiten den arren, bertsolarien ahalegina azpimarratu nahi du Jon Maiak, “oholtza gainera igotzeko ausardia eta ahalmena behar baitira”. Eta Bertso Eskolaren lana gogoratu du: “Publiko aurrean bertsotan egiteko gaitasuna duen jende asko dago Zumaian eta hori, neurri handi batean, Bertso Eskolak egindako lanaren fruitua da. Zumaia, tradizioz, ez da izan herri bertsozalea, baina Ikastolak eta Bertso Eskolak egindako lanari esker orain oso mugimendu aberatsa eta zabala dago Zumaian bertsolaritzaren inguruan”. Hari horri helduta, Oikian Unai Gijarro egiten ari den lana ere nabarmendu du Maiak: “Bertso Eskola sortu du han, dinamika propioarekin, eta ez da kasualitatea azken bi urteotan beraiek irabazi izana Bertsotan Jai”.

Torreberrin urtero biltzen den ikusleen artean hutsune handi bat sumatuko da aurten. “Urtero han izaten zen Manuel Mari [Garate]; gazte artean egoten zen hura gustura. Gainera, iaz berak jarri zien zapia irabazleei… Zumaiako bertsozale handiena izan da, lana isilean egin du beti, beti herria eraikitzen. Izango dugu gogoan”.

Aurtengo saioari dagokionez, lehiaketa sisteman aldaketak izango dira. Orain arte bi kanporaketa eta finala jokatu izan dira, baina aurten dena txanda bakarrean jokatuko da, hiru talde osatu baitira. Horrela, 20:00etan hasi eta ez da afaltzeko etenik egingo. Ariketetan ere izango da nobedaderik, antolatzaileek gehiago zehaztu nahi izan ez duten arren. “Aurten dena segidan egingo dugu, eta ea horrela Bertsioen Gauerako garaiz amaitzen dugun”. Izan ere, 22:30ean hasiko da musika kontzertu berezia, txosna gunean. Herriko gazteak igoko dira oholtzara, talde ezagunen kantak jotzera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide