Peña: "Irabazteko gai garela erakutsi dugu"

Baleike 2014ko maiatzaren 3a

[/caption]

Pozez zoratzen sumatu dugu Iñigo Peña telefonoaren bestaldean, urrezko domina jaso berri: "Oraindik ez dut sinesten irabazi dugunik". Balentria handia egin dute, Espainiako selekzioak 50 urtetik gora baitzeramatzan K4arekin urrezko domina bat lortu gabe.

Nazioarteko probetan lortzen duen lehen garaipen handia da gaurkoa Iñigorentzat. "Postu onak lortu izan ditut, dominaren bat ere bai, baina goi mailan lortzen dudan lehen garaipena da, eta oraindik kostatzen zait sinestea". Uste baino errazago irabazi dute, gainera. "Atzoko sailkatze estropada irabazi egin genuen baina ez genuen sentsazio onekin amaitu. Gainera, Italia eta Eslovakia beste txandan zeuden eta guk baino denbora hobea egin zuten. Baina gure buruarengan konfiantza handia daukagu eta gaur dena ematera atera gara. Estropada erdian jo dugu lehen kolpea, aurrea hartu dugu eta handik helmugara aldea handituz joan gara. Ez genuen espero hain erraz irabaztea, Italiari bi segundo atera dizkiogu eta". Eta bi segundo alde handia da esprinteko proba batean.

Pare bat urte daramatza Iñigok laukote berberean lanean, eta orain hasi dira fruituak jasotzen. "Iaz ikusi zen bagenuela hobetzeko tarte handia, eta aurten askoz hobeto gaude. Urritik ari gara entrenatzen elkarrekin eta gora egin dugu nabarmen. Askotan esan dut dominen lehian egoteko gai garela eta gaur erakutsi dugu irabazteko gai garela". Gaur domina lepoan, bi aste barru Txekiar Errepublikara irabaztera joango direla dio: "Lehian egongo gara behintzat". Hala ere, Moskuko Mundiala dute begiz jota: "Hura da gure urteko helburu nagusia, baina hara iritsi arte saiatuko gara beste zerbait lortzen".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide