Gaur goizean Arroa Beheko Azkola fundizioan gertatutako lan istripuan zauritutako langileei elkartasuna adierazi eta gertaera argitzeko eskatu diote Zestoako eta Zumaiako udalek enpresari. Izan ere, bi alkateak enpresan izan diren arren, nahi baino informazio gutxiago jaso dutela salatu dute. LAB sindikatuak "istripua ezkutatu nahi izana" salatu du. Hemen bi udalen oharra:Gaur goizean, maiatzak 5, ezbeharra izan da Azkola enpresan, ezbehar horren ondorioz hainbat langile zauritu dira. Zaurituta gertatu diren langileak lehenbailehen osatu daitezen espero dute Zestoako eta Zumaiako Udalek. Horretaz gain, gure elkartasuna eta babesa ere adierazi nahi dizkieguzaurituei, beren familiaei eta gertukoei, eta enpresako gainontzeko langileei.
Zestoa eta Zumaia artean dago Azkola enpresa, eta horregatik, istripuaren berri izan bezain pronto Leire Etxeberria Zestoako alkatea eta Iñaki Agirrezabalaga Zumaiakoa, enpresara gerturatu dira langileen osasun egoeraren berri izan eta istripuen inguruko informazioa lehen eskutik jasotzeko. Hala ere, nahi baino informazio gutxiago jaso dute, eta informazio osoa jasotzeko eragile ezberdinekin hartu-emanean ari dira.
Horregatik, honako hau eskatzen dute die bi udalek Azkola enpresari: Lan istripua zergatik eta nola gertatu den lehenbailehen argitzea.
Istripua salatzeko bihar, maiatzak 6, 19:00etan elkarretaratzea egingo da Zestoan, eta Zestoako eta Zumaiako Udalek bat egiten dute deialdi horrekin.
Istripua ezkutatu nahia
Bere aldetik, LAB sindikatuak enpresako zuzendaritzarengandik jasotako “informazio eza” salatu du: “Ez dugu informaziorik jaso, gertakari guztiak isilpean eraman nahi dituzte, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Edo are gehiago, istripua ezkutatu nahian”, adierazi dute prentsa-ohar bidez. Azkola fundizioan “langileen baldintzak ezin okerragoak” direla adierazi du sindikatuak, eta “adibide bat besterik ez da bertako langileek burutzen duten eguneko gutxieneko 10 orduko lanaldia” ohartarazi dute.
Zestoako eta Zumaiako udala