Kadete mailako txirrindulari lasterleta izango dugu Zumaiako Txirrindulari Elkarteak antolatuta larunbat goizean. 10.15ean emango zaio hasiera lasterketari eta 57km osatu eta gero ziklistak helmugan izango dira. Arritxu Iribarrek bidali digu herri txirrindularien berri:
Zumaiako zeharbidetik bi itzuli txiki eman eta ondoren, Zakila Bira hiru aldiz egingo dute 15 eta 16 urteko txirrindulariek. 11:45erako helmugan izango dira etorkizuneko ziklistak: Jokin Alberdi, Luken Karbaieda, Gorka Urkiola, Iñigo Etxarri, Aitor Zurdo, Unai Iribar, Iker Imaz, Iñigo Altuna… aurrean ibil daitezkeen txirrindulariak dira. Zumaiako txirrindulari elkarteak aurten ez du kadete mailan talderik.
Zumaiako Txirrindulari elkarteko txikienek Gipuzkoako Txapelketa izango dute Tolosan larunbat arratsaldean. Gaizka Gurrutxaga eta Nahia Urbieta dira infantil mailan aukerak dituztenak, eta alebin mailan berriz Mikel Azkue izan daiteke aurrean ibiltzeko moduan.
Junior mailan asteburu honetan Viveros San Antongo ziklistek bi lasterketa dituzte, larunbatean Arantzazuko igoera eta igandean Mutrikun. Aurreko Larunbatean Gipuzkoako Klasikoan parte hartu zuten eta taldeko hirurek lortu zuten izugarri gogorra izan zen lasterketa bukatzea; datu adierazgarri bat 178 parte hartzaileetatik helmugara 109 besterik ez ziren ailegatu. Ibilbidearen gogortasunari, eguraldi negutiarraren baldintza batu behar zaio; parte hartzaileak Espainiako Estatu guztiko juniorrik onenak ziren, lurralde guztietako selekzioek parte hartu zuten eta bukatzea irabaztearen pareko saria izan zen txirrindularientzat. Gorka Etxabe azken igoerara arte onenekin ibili zen, Haritz Eizagirrek lasterketa ona egin zuen eta helmugan zuzendari baten hutsaren erruz erorikoa izan zuen eta okotzea bost punturekin amaitu zuen proba. Jon Agirre lehen urtekoen artean karrera bukatzea lortu zuen gutxietako bat izan zen. 116 km eta ibilbide horretan Zerain, Olaberria, Oreindain eta Lazkaomendi pasa zituzten txirrindulari gazteek.
Asteburu honetan bi proba dituzte, eta horrez gain nabarmendu behar da Gorka Etxabe Pistako Espainiako selekzioaren konzentraziora deitu dutela; aizarnazabaldarra Europako txapelketara joateko hautagaietako bat da.
Emakumezkoetan Eider Unanuek lider segitzen du Euskal torneoan, Oazetan bigarren amaitu ondoren eta hau ere Espainiako selekziorako hautagaien artean da. Datorren astean Gipuzkoako itzulia izango du, baita Eider Manzisidor oikiarrak ere.
Aitor Olaziregi osasun arazoekin da eta atseden hartu beharrean, astebete barru edo bi aste barru berriz ere denboraldiari ekiteko gogoz hori bai.