Enbil eta Lopez, Citrus Txapelketako onenak

Baleike 2014ko maiatzaren 15a

Gotzon Enbil eta Imanol Lopez protagonista izan dira Orlandon (AEB) jokatu den Citrus Tournament txapelketa entzutetsuan. Enbilek Atzelarien Banakako Titulua irabazi du, eta Lopez Binakako Txapelketan gailendu da Aritz Erkiaga aurrelariarekin batera.

Enbilek Dania Jai Alai pilotalekua ordezkatu du Orlandon, eta Lopezek Miamiko frontoia. Munduko pilotari onenak batzen dira urtero Orlandoko Citrusean, bai AEBetakoak eta baita Euskal Herritik joandako bikoteak ere. Iñaki Osa Goikoetxea ere parte hartzen izan da, Joey Cisneros mexikarra lagun hartuta, baina ezin izan du saririk lortu.

25 urte bete ditu aurten Citrus txapelketak eta urtero bezala, jendez gainezka izan da frontoia asteburu osoan. Atzelarien Banakako Titulurako Lopez zen faborito nagusia; iaz berak irabazi zuen eta gaur egungo pilotaririk onena kontsideratzen baitute adituek, atzelarien artean. Hala ere, Gotzon Enbilek hobeto jokatu zuen, huts gutxiago egin zituen buruz burukoan, eta merezitako titulua lortu du. Bigarren Larru markinarra geratu da, hirugarren Cisneros mexikarra eta laugarren Manex Urtasun irundarra.

Binakako Txapelketan, Aritz Erkiaga eta Lopezek iazko titulua errepikatzea lortu dute. Aritzek ikaragarrizko erakustaldia eman du, batez ere, errebotean duen maisutasuna erakutsiz. Hala ere, zaleak Lopezekin harrituta geratu dira. Erraz jokatzen du Lopezek, errebesez besteak baino gehiago da, eskubiarekin ere min egiten du eta defentsan ere bikain aritu da, bere burua sarritan lurrera botaz. Erakustaldi bikaina bai Lopezek eta baita Erkiagak ere. Ez dute aurkaririk izan Binakako Txapelketa honetan. Euren atzetik geratu dira sailkapenean, hurrenez hurren, Angel eta Menex (Dania Jai Alai), Goikoetxea-Cisneros (Miami Jai Alai) eta Solozabal-Enbil (Dania Jai Alai).

Estatu Batuetan, zesta-puntako txapelketarik garrantzitsuena da Citrus-a, entzutetsuena izateaz gain jende gehien erakartzen duena da. Asko izan dira, aurten ere, Orlandon izatearren hegazkina eta hotela hartu dutenak. Giro oso berezia egoten da, eta pilotariek euren onena ematen dute amerikar zaleen ohiuen etengabeen artean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide