Infantil mailako neskek denboraldi bikaina osatu dute, eta larunbat eguerdian Andoainen izango dute lanak borobiltzeko aukera, Gipuzkoako Txapelketako finala jokatuko baitute Elgoibarren aurka.
Infantil mailako nesken ligan 31 taldek hartu dute parte. Andres Torrikok zuzentzen duen taldeak partida bakarra galdu du denboraldi osoan, eta bihar Andoainen garaipena dute helburu. San Roke Elgoibar taldea izango dute aurrean; lehen fasean zumaiarrek irabazi zuten elkarren arteko partida, baina finala ez da erraza izango.
Bestalde, Trapaia Taberna Pulpo taldeak ezin izan zuen finalaurrekoetara sailkatu. Bigarren fasean atezainak min hartu eta horrek taldearen aukerak murriztu zituen. Hala ere, joan den astean 21-32 irabazi zioten Eibarri Ipuruan, eta sailkapeneko zazpigarren postuan amaitzeko moduan daude.