Ostegunean hasi eta ekainaren 8ra arte egingo da aurten Europako Geoparkeen Astea, Zumaian, Deban eta Mutrikun. Lehen ekitaldia ostegun arratsaldean izango da (19:15ean, Aita Marin): paleontologo eta Dinopolis Fundaziko zuzendari Luis Alcalak dinosauroen inguruko hitzaldia emango du, Gure Parke Jurasiko partikularreko dinosauroak izenburupean.
Ostegunean hasi eta datorren ekainaren 8ra bitarte, Europako Geoparkeen Astea burutuko da Zumaian, Deban eta Mutrikun, Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan. Egitasmo honek laugarren edizioa beteko du aurten. Bertako ondare natural, geologiko eta kultural baliotsua herritarrei eta, bereziki, Geoparkeko biztanleei gerturatzea du helburu, dibulgazio eta sentsibilizazio lana egiteaz batera.
Hitzaldiaren aurretik, Zumaia, Deba eta Mutrikuko lehen hezkuntzako ikasleek egindako marrazki lehiaketako sariak banatuko dira. Dinosauroak desagertu ziren eguna izan da lehiaketaren gaia, eta 400dik marrazki aurkeztu dira. Irabazleak lau lagunentzako Dinopolisera bidaia irabaziko du.
Baina ez da Geoparkearen Astea ospatzeko prestatu duten ekitaldi bakarra. Hitzaldien jarraituz, ekainaren 5ean Xabier Peñalver arkeologoak Geoparkeko arbaso zaharren argazkia egin du. Nola bizi ziren Ekain edota Praileaitzeko gizakiak? Zer jaten zuten? Nola zeuden antolatuta? Halako galderei erantzungo die Peñalverrek Debako Ostolaza kultur elkartean (19:00etan).
Bisita gidatuak doan
Aurten ere Geoparkeak bisita gidatuak doan egiteko aukera eskainiko die herritarrrei. Hain zuzen, Geoparkearen eskaintza osatzen duten zortzi irteeretatik hiru egin ahal izango dira doan: “Flysch beltza”, “Artzain txikiak” eta “Karsteko zaporeak”. Interesa duten herritarrek aurrez eman behar dute izena Mutriku, Deba edota Zumaiako turismo bulegoekin harremanetan jarriz. Irteera gidatuak noiz:
-Flysch beltza: maiatzak 31, larunbata, 16:00etan, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan.
-Artzain Txikiak: ekainak 1, igandea, 10:30ean, Lasturko plazan (Deba).
-Karsteko zaporeak: ekainak 8, igandea, 10:00etan, Olatzeko ermitan (Mutriku).
Gainera, Mutrikun, olatuen energia aprobetxatzeko plantara doako bisita gidatua egiteko aukera ere eskainiko da, ekainaren 3an; hurrengo egunean, aldiz, Deban historian zehar harriaren erabilpena ezagutu eta ulertzeko ibilaldi gidatua egingo da, Hector Fano geologoaren eskutik. Irteera geologiko honen aurretik, “Harria” ikus-entzunezkoaren proiekzioa eskainiko da, Geoparkeko biztanleen euskarazko testigantzekin osatua. Badihardugu Euskara Elkartearen laguntzarekin egina, ‘Ahotsak’ egitasmoaren baitan, ekimen honekin Geoparkeko euskarazko ahozko ondarea ezagutarazteaz gainera, bertako euskaldun zaharrek oraintsu arte izan dituzten ohitura eta bizimodua erakutsi nahi da.
Bestalde, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoak ate irekien jardunaldia egingo du maiatzaren 31an, larunbatean, 17:00etatik 19:00etara, Mutrikuko historia geologikoa ezagutzera emateko helburuarekin.
Geoparkeko I. nekazaritza azoka
Halere, aurtengo berrikuntza nagusia izango da GeoAzoka edo Geoparkeko I. Nekazaritza Azoka. Baserritarren lana ikustarazteko eta baliosteko helburuarekin eta bertako produktuen kontsumoa sustatu nahirik, GeoAzoka ekainaren 7an egingo da, larunbatean, Deban, 9:00etatik 14:00etara. Azokan eskainiko dira: nekazaritza produktuen salmenta, haurrentzako tailerrak, ardi ile mozketa erakustaldia, produktu dastaketa, eta azokako produktuekin osatutako otarraren zozketa.