“Herri bezala definitzeko beharra sentitzen duen edonork du erabakitzeko eskubidea”

Baleike 2014ko ekainaren 1a

Ekainaren 8an, Durango eta Iruñea giza kate luze batek lotuko ditu. 123 kilometro eta 50.000 lagun. Guztiek mezu berdina helaraziko dute: herriak duen erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena. Zumaiak ere badu bere kilometroa, 47.a, hain zuzen ere, eta aspaldi lortuta dituzte kilometroa osatzeko beharrezkoak diren gutxieneko 400 pertsonaren izenak. Gure Esku Dago egitasmoko hainbat partaiderekin hitz egin du BALEIKEk.

Nondik dator Gure Esku Dago ekimena?

Mendigaña Gorostiaga: Adar ezberdinetatik dator. Alde batetik, Katalunian eman den prozesua dago; han, helmuga giza katea izan zen. Hemen ere horrelako prozesu bat eman nahi da, eta, horretarako, giza katea hartu da abiapuntutzat. Ezberdinen arteko bilgune bat elkartzeko sortu den giro berezi hau giza kate baten bidez erakustea da helburua

Beste adarra, Jon Maiaren Gazta zati bat dokumentala da. Giro berezi batean sortu zen; ekimen batean du oinarria, ezberdinen elkartze batean. Gainera, horrek ere bidea egin zuen han prozesu bat eraikitzeko.

Joanito Dorronsoro: Nik uste, hondoan, egoera politikoa ere badela. Politikariak alde batera utzi, eta herriak erantzun beharraren sentsazioa dago. Euskal Herrian oso momentu berezian gaude, eta hauxe da zerbait egiteko momentua. Krisi ekonomikoan gaude, Espainiaren jokabide eta egoera txarra, ezker abertzaleak eman duen aldaketa… Dena alde dago herria mugitzeko, eta olatu hau aprobetxatu egin behar da.

Mendigaña: Ez dela aprobetxatzen? Niri pena handia emango dit, baina honek erakutsiko du herriak duen heldutasun maila.

Herritik sortutako ekimen bat da, politika alde batera utzita.

Mendigaña: Politikan sartzen garen momentutik krispazioak daude, eta bakoitza bere aldera hasten da tiratzen. Eta kasu honetan, denak alde berdinera tiratzea nahi da, hau da, erabakitzeko eskubidearen alde egitea. Horregatik, tirabirarik ez egoteko, herriak hitza hartzea nahi izan da. Horretaz gain, badago gogo bat elkartzeko. Traba asko izan ditugu Euskal Herrian, eta hainbat arazorengatik, elkartzeko zailtasunak izan dira. Ekimen hau elkartzeko aukera ematen digun erronka bat da.

Eskuaren irudiak eta giza katea osatzeak esanahi berezia dauka. Pentsaera, ideia, ideologia… ezberdinetako pertsonak batzea.

Mendigaña: Bai, eta, era berean, ezer gabe, biluztasun horretan, gu garenarekin. Herriak eskua emateak sinbolismo handia dauka elkartze horretan, lanerako grinan, denak batzean…

Joanito: Eskuak bi kontzeptu hartzen ditu kasu honetan. Bat gure esku dago da; alegia, gurea da hau, gure eskubidea da eta gure eskuetan dago egikaritzea. Beste zentzua, aldiz, elkarri eskua emanda bide bat egitea da.

Giza katearena aitzakia bat da?

Mendigaña: Metodologia bat da, zerbaiti heltzeko modu bat da. Prozesu baten hasiera, ekintza honetatik ekiteko bidea da giza katea. Abiapuntu bat, eta oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Jendea elkartzeko, eta jendeari ilusio bat sortzeko momentu bat ematea da helburua.

Arritxu Manterola: Honekin erakutsi nahi da, politikatik kanpo, herriak ere baduela hitza eta zer esana. Azken finean, alderdi politikoak hauteskundeei begira, emaitza batzuei begira… egoten dira, eta askotan beraien helburuak ezerezean geratzen dira. Horregatik, herritarren lana ere behar da. Gainera, erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat da, ez alderdi baten programa. Beraz, errespetatu egin behar da.

Mendigaña: Honekin ere alderdiei zirikatzea lortu nahi da. Gure politikariei esatea zer nahi dugun eta zer eskatzen dugun, eta horren arabera, beraiek ere mugi daitezen. Ondoren, beharbada, etorriko dira liskarrak. Izan ere, bakoitzak herri bat izateko modu bat ulertzen du. Baina orain, momentuz, zera da eskatzen duguna: utziko diguzu esaten zer izan nahi dugun?

 Ekimenak hiru oinarri ditu: nazioa gara, erabakitzeko eskubidea daukagu eta etorkizuna herri honetako herritarren esku dago.

Mendigaña: Lehenengo biak argiak dira, eta hirugarrenak garrantzia dauka ez delako erabaki baten alde egiten, baizik eta erabakitzeko eskubidearen alde. Ez dugu Euskal Herri konkretu bat eskatzen, baizik eta Euskal Herri bat osatzeko erabakitzeko eskubidea. Guk eskatzen dugu lehendabizi herriari galdetzea zer nahi duen, eta herriak erabakitzen duena aurrera eramatea.

Joanito: Demokraziaren oinarri-oinarria da herritarrek erabakitzea zer nahi duten.

Zumaiari esleitutako kilometro zatia 47.a da, Ezkio-Itsason. Kilometro bakoitza betetzeko gutxienez 400 pertsona eskatzen dira. Bete duzue erronka?

Mendigaña: Bai, bete dugu. Gure kilometro zatia Getariarekin, Oikiarekin eta Aizarnazabalekin osatzea pentsatu genuen, eta dagoeneko, 400 pertsonaren muga pasatuta daukagu. Baina jende kopurua handitzeko esperantza dugu, eta lan horretan jarraituko dugu hemendik ekainaren 8a arte.

Zein prozesu eraman duzue herrian?

Axun Elduaien: Gure lehenengo bilera abenduaren 27an egin genuen. Hortik aurrera, 8-10 bat lagun elkartu gara astero, hausnarketak egin eta ekintzak antolatzeko. Aurrenekoa, Moilaberriko zubiaren ondoan atera zen argazki erraldoia izan zen. Horretarako, herriko elkarteei idatzi bat bidali genien etortzera animatzeko. Aniztasuna bilatu genuen, eta kopuru handia etorri zen. Bestalde, asteburuoro egon gara metroak saltzen, kamisetak, informazioa banatzen… Santelmoetan ere kantu jira egin genuen, eta giza kate bat ere eratu zen. Eta azken ekintza modura, idatzi bat prestatu eta etxe guztietara bidali da jendea motibatzeko.

Parte hartzaileekin sare bat osatu nahi da, ezta?

Arritxu: Bai, izan ere, giza katearekin, ez da amaitu nahi egiten ari garen prozesu hau. Horretarako, datuak jasotzen ari gara, ekimen honek ibilbide bat izan dezan.

Mendigaña: Herri mailan etorkizunean egingo diren ekimen, bilgune eta ekintzetan parte hartzeko datuak izatea garrantzitsua da. Horrela badakizulako zein herritarrek egiten duen egitasmo honekin bat.

Oztopoak aurkitu dituzue?

Mendigaña: Hemen, Zumaian, ez dugu sumatu.

Joanito: Arazorik ez dugu izan, baina, beharbada, bete-beteko erantzunik ere ez. Erantzun garbirik ez, baina kontrakorik ere ez.

Mendigaña: Emozio handirik ere ez, baina, beno, horretarako ere ibilbide bat behar da, elkar ezagutu, mamu asko uxatu… Horretan gabiltza. Hala ere, gerturatzea ere egon da; bai adin eta ideologia ezberdinetatik, baita politikatik urrun dauden pertsonen aldetik ere.

Arrakastatsua izatea espero da. Baina nolako jarraipena izango du?

Mendigaña: Ekimen honen ondoren, hausnarketarako momentua hartuko da taldean bertan. Hau da, herri bakoitzean, eta antolaketa nagusian ere bai, jakina. Bidea badakigu zein den, hau guztia gizarteratzea, eta honek eragin bat izatea politikoki. Norabide horretan, beste pauso batzuk emango dira. Gure kasuan, Zumaian, egin ez ditugun hausnarketa, hitzaldi… egiteko unea izango da.

Joanito: Herrietan sortu diren sare txikiek jarraipena izango dutela pentsatzen dut. Hor dugu Kataluniako kasua. Han sare ikaragarri bat dago, eta alderdi politikoetako jendea mugiarazten dute. Hemen ere gauza bera egiteko intentzioa egongo dela uste dut. Gizarte oso baten sarea egitea, politikatik kanpo, herria mugituko duena.

Katalanen inbidiarik izan behar dugu?

Mendigaña: Ikusiko dugu. Momentuz bai.

Arritxu: Ziurrenik ez dugu bide berdina egingo, baina ikusiko dugu ekainaren 8tik aurrera zer egin.

Joanito: Han dagoen indarrak inbidia ematen du, jakina.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide