Aita Mari kalean obrak egingo dira udazkenean

Baleike 2014ko ekainaren 3a

Lur azpiko zenbait garajetan hezetasun arazoak daude eta konponbidea adostu dute jabeek eta Udalak. Lanak aprobetxatuko dira Aita Mari kaleko errepidean aldaketak egiteko.Alde batetik, errepide erdian dauden irlak kendu egingo dira. Espazio hori irabazita, bidegorria jarriko da, Aita Mariko etxeen aldetik, justu oinezkoentzat markatuta dagoen bidearen ondoan. Erdian dauden parolak kendu eta Basadi aldeko espaloira eramango dira. Kontsumo gutxiko argi berriak jarriko dira, Aldundiaren diru-laguntza baliatuta. Basadi aldeko espaloia zabaldu egingo da.

Aita Mari kalearen hasieran, Basadiko aldean, dauden garajeek hezetasun arazoak dauzkate eta konpondu egingo dira obrarekin. Udalak eta bizilagunek hitzarmena adostu dute: Udalak goiko urbazinazio guztia ordainduko du eta jabeek sare asfaltikoaren azpitik egin beharreko lanen kargu egingo dira.

Lanak finantzatzeko kreditu aldaketa

Aurrekontuan esleituta dauden diru kopuruak atal batetik bestera mugitu ahal izateko kreditu aldaketa egin behar izaten du Udalak, Udalbatzaren oniritziarekin. Azken plenoan 2014ko bosgarren kreditu aldaketa egin da. Mojaxarren komentuko plangintza orokorretik 13.500 euro kendu dira, 50.000 euro frontoiaren urbaniazio planaren lehen fasetik, eta beste 11.000 aurrekontu parte-hartzaileetatik. Diru hori erabiliko da Aita Mari kalean obrak egiteko (25.000 euro; guztira 200.000 eurotik gora), Erkibe etxea desjabetzeko epaiketan (25.000 euro) eta ZIIZen panelak egiteko (10.000 euro). Bildu eta Aralarrek alde bozkatu zuten; EAJk kontra eta PSEk abstentzioa eman zuen.

Industria ondareari buruzko panelak

Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroak egindako ikerketa lanaren emaitza ezagutzera emateko informazio panelak jarriko dira zenbait interesgunetan. Duela egun gutxi webgunea aurkeztu zuen ZIIZek eta panelak jartzea izango da hurrengo urratsa.

Erkibe etxerako 25.000 euro

Erkibe etxearen desjabetzea jasotzen da udaleko arauetan 1990eko hamarkadatik. Udalak akordio batera iritsi nahi du jabeekin desjabetzea gauzatu gabe –ez du dirurik Erkibe erosteko–, baina bitartean gaia epaietegian dago. Jabeek etxearen eta lursail osoaren balorazio ekonomikoa aurkeztu diote epaileari –milioi bat eurotik gorakoa azkena–, baina Udalak dio bere garaian zehaztutako helburuak gauzatzeko –plaza azpiko aparkalekuak– nahikoa duela lursailaren zati batekin, dena desjabetu gabe, eta 25.000 euroan baloratu du zati hori. Diru kopuru hori gordeta daukala justifikatzeko egin da kreditu aldaketa. Udalak berez baztertua dauka plaza azpian aparkalekua egitea, baina desjabetzearen auzia ez da dago gelditzerik bi aldeen artean akordiorik ez badago. Desjabetzea agintzen badu epaileak, ahalik eta gutxien ordaindu nahi da. Hortik Udalaren argudioa.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide